Terrazen ordenantza berrikusteko, aurreneko hausnarketa saioa gaur

Kronika - Erredakzioa 2022ko urr. 19a, 00:00

Hiru saio ireki antolatu ditu Udalak, ostalarien eta herritarren iritziak eta kezkak jasotzeko. Kultur Etxe Zaharrean izango da gaurkoa, 16:00etan.

Terrazen ordenantza berrikusteko prozesua jarri zuen martxan Astigarragako Udalak, uztailean. Helburua da, «elkarbizitzarako gakoak» identifikatzea, terrazen erabilerari eta ezaugarriei dagokienez; eta gako horien inguruko «adostasunak» lantzea, herritarrekin eta ostalariekin batera.

Bide horretan, dagoeneko zenbait pauso eman ditu Udalak, eta datozen asteotan egingo du hurrengoa: hiru saio ireki antolatu ditu, herritarren eta ostalarien iritziak eta kezkak jasotzeko. Gaur bertan egingo dute aurrenekoa, arratsaldeko 16:00etan, Kultur Etxe Zaharreko aretoan. Bertan, orain arte landutako diagnostikoa partekatuko dute, balorazioak jasoko dituzte, eta hausnarketarako proposatuko dituzten gaiei buruzko promosamenak bilduko dituzte. Bigarren saioa azaroaren 9an egingo dute, eta hirugarrena azaroaren 30ean, biak ere 16:00etan Kultur Etxe Zaharrean.

Saio horietara gerturatzeko deia luzatu die Udalak, herritarrei eta ostalariei, «proposamenak eta hobetzeko aukerak helarazteko eta kontrastatzeko». Izan ere, nabarmendu du «bi aldeen partehartzea ezinbestekoa» dela, guztien beharrak «aintzat hartzeko eta herriko elkarbizitza hobetzeko». Saioetan parte hartzeko, hori bai, aldez aurretik eman beharko da izena: berdintasuna@astigarraga.eus helbidera idatzita, 638 206 586 telefonora deituta edo whatsappez idatzita, edo astigarraga.eus webgunean dagoen formularioa beteta.

 

Aurrekontu partehartzaileen bilera bana, bihar eta etzi

Terrazen ordenantza lantzeko saioaz gain, beste bi bilera ireki ere antolatu ditu Astigarragako Udalak, aste honetarako. Izan ere, aurrekontu partehartzaileen bilera errondarekin jarraituko du, auzoz auzo, herritarren ideiak eta iritziak jasotzeko. Ergobiako bizilagunekin bildu ziren astelehenean, eta erdigunekoekin atzo. Bihar, berriz, Martindegiko auzotarrekin jarri dute hitzordua, arratsaldeko 18:30etatik 20:00etara, auzo biltokian; eta erdigunekoekin bigarren saio bat antolatu dute ostiralerako, 16:00etatik 17:30etara Foru Plazan. Gainera, astigarraga.eus webgunean dagoen formularioaren bidez ere egin daitezke proposamenak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!