Eragiyok abesbatzak bi kontzertu arrakastatsu eskaini berri ditu Frantziako Châtel-Guyonen

Kronika - Erredakzioa 2022ko urr. 16a, 00:00

Koru astigartarrak aho-zapore bikaina utzi du entzuleen artean 'Recontres Internationales de Voix d'Hommes'-en

Erabateko arrakasta izan zuen Eragyok abesbatzak, Châtel-Guyon (Frantzia) jaialdian. Publikoaren erantzuna ezin hobea izan zen eta eskainitako bi kontzertuen amaieran zorion mezu ugari jaso zituzten. Pasa den asteburuan jaialdiak Eragiyok, King’s Singers (Erresuma Batua), Voix Dômes (Frantzia) eta Choeur de Candy (Suitza) abesbatzak bildu zituen eta Voix Dômes antolatzaileek eta astigartarrek ireki zuten ostiral gauean. Emanaldi osoan zehar bertaratutakoek abesbatzaren lana ondo baloratu zuten, Sorozabalen piezak eta opera-pasarteak nabarmenduz, non Miren Gabirondo pianistaren lana goraipatua izan zen. Entzuleen erantzun paregabearen ondorioz, abesbatzak hiru bis kantatu behar izan zituen.

Bigarren egunean, Choeur de Candy suitzarrak lagun zituztela aritu ziren. Eta Eragiyokek ez zuen huts egin.

Ustekabeko azken parte hartzea

Eragiyokek beste behin aritzeko aukera izan zuen. Iragarrita ez zegoen arren, etxeko abesbatzak mesedea eskatu eta antzokiaren palkotik Faust operako Choeur des soldatsen interpretazioan lagundu zuen. Ez hori bakarrik, bi abesbatzek batera pieza hori berriro eman behar izan zuten. Horrek amaiera paregabea eman zion nazioarteko topaketari.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!