Astigarragako Udalak terrazen ordenantza berrikusteko prozesua jarri zuen martxan uztailean. Prozesu horren helburua da terrazen erabilerari eta ezaugarriei dagokienez elkarbizitzarako gakoak identifikatzea eta herritarrekin eta ostalariekin batera gako horien inguruko adostasunak lantzea. Horretarako egun indarrean dagoen Udalaren araudia aztertuko da eta bizikidetza hobetzeko neurriei buruzko gogoeta egingo da.
Dagoeneko prozesu horretan hainbat urrats eman ditu Udalak eta uztailetik irailera bitartean egungo egoeraren diagnosia landu da, hainbat lagunen testigantzak eta inguruko udalerrietan dauden araudien azterketa oinarri hartuta.
Hurrengo urratsa da herritarrekin eta ostalariekin gogoeta egitea, urrirako eta azarorako antolatu diren herritar orori irekitako hiru saioen bidez. Saioek ordu eta erdiko iraupena eta Aztiker Aholkularitza enpresaren gidaritza izango dute.
Lehen saioa asteazkenean, urriaren 19an, izango da, 16:00etan, Kultur Etxe Zaharreko aretoan. Helburua izango da sortutako diagnostikoa partekatzea, balorazioak jasotzea eta hausnarketarako proposatzen diren gaiei buruzko proposamenak jasotzea.
Bigarren saioa azaroaren 9an izango da eta hirugarren saioa, azaroaren 30an
Bigarren saioa azaroaren 9an izango da, asteazkena, 16:00etan, Kultur Etxe Zaharreko aretoan. Helburua da terrazei buruzko ordenantza egiteko/aldatzeko proposamenetan lehenengo saioan identifikatu diren desadostasunak aztertzea eta adostasunak lantzea.
Hirugarren saioa eta azkena azaroaren 30an egingo da, asteazkena, 16:00etan, Kultur Etxe Zaharreko aretoan. Azken helburua da prozesuan zehar landutakoaren ondorioak eta terrazen gaia kudeatzeko jarraibideak ezartzea.
Bizilagunak eta ostalariak saio horietara deituta daude euren proposamenak eta hobetzeko aukerak helarazteko eta kontrastatzeko. Bi aldeen parte-hartzea ezinbestekoa izango da guztien beharrak aintzat hartzeko eta herriko elkarbizitza hobetzeko.
Saio irekietarako izen-ematea
Saioen antolaketa errazteko, saioetara etorri nahi dutenek aldez aurretik izena eman beharko dute (beranduenez, saioaren data baino bi egun lehenago). Horretarako hiru kanal izango dituzte: e-mail bidez, berdintasuna@astigarraga.eus helbidean; telefonoz edo Whatsapp bidez, 638 206 586 telefono zenbakian; eta izen emate formularioa betez astigarraga.eus webgunean https://forms.gle/XiUmK8JZFzEgPgLT6 estekan