«Herriko kaleetan topatutako 10 lagunetik 3 euskerazko elkarrizketatan ari ziren»

Kronika - Erredakzioa 2022ko urr. 15a, 00:00

Olatz Altuna, Soziolinguista Klusterreko teknikaria eta ikerketa-taldeko kidea, osteguneko aurkezpenean.

Hizkuntzen erabileraren kale neurketa egin zuen Soziolinguistika Klusterrak 2021ean, eta dagoeneko argitaratu ditu emaitzak. Datu orokorra da herrian, euskeraz egiten duela %31,8ak, gaztelaniaz %67,2ak eta beste hizkuntzetan, berriz, %10ak.

Zeintzuk dira Astigarragako kaleetan erabiltzen diren hizkuntzak? Horixe da Soziolinguistika Klusterrak mahai gainean jarritako galdera nagusia. Hari hori tiraka burutu zuen, joan den urtean, Hizkuntzen erabileraren kale neurketa. Urtebeteren ostean, ostegunean aurkeztu zituzten Hizkuntzen erabileraren kale-neurketa, Astigarraga 2021 txosteneko datuak, Erribera kulturgunean. Olatz Altuna aritu zen hizlari lanetan, Klusterreko teknikaria eta neurketaren emaitzen txostenaren egileetako bat.

Hasteko eta behin, eskuratutako datuetan sartu aurretik, ikerketaren nondik norakoak azaldu zituen Altunak. Azaldu zuenez, honako hauexek izan dira ikerketaren helburu nagusiak: Astigarragako kaleetako hizkuntzaren-erabilerari buruz, datu enpirikoak eskuratzea; hizkuntzen kale-erabileraren bilakaera ezagutzera ematea, euskeraren biziberritze-prozesuari begira hausnarketarako, hizkuntza-politikak eraikitzeko eta hizkuntza-plangintza diseinatzeko balio dezan; eta, azkenik, euskeraren kale-erabilerari buruzko datuak aztertzea eta interpretatzea. 

 

Behaketa zuzenarekin, 4.172 solaskideko lagina

Metodologiari begira, hizlariak nabarmendu zuen behaketa zuzenaren bidez gauzatu zela hizkuntzen erabileraren kale-neurketa. «Metodoa Euskal Herrian sortu zen, XX. mendeko 80ko hamarkadan». Txostenean ondo azalduta dagoenez, teknika horrek, diskrezioa eskatu du. Alegia, hizkuntzak behatuak izan direla ohartu gabe jaso da hizkuntza-praktikei buruzko informazioa. «Ez dute, behintzat, elkarrizketa-hizkuntza behatzen ari garenik jakin». Horrela, be­hatu diren 1.444 elkarrizketen eta horietan solaskide izandako 4.172 solaskidek osatu dute lagina. Hori bai, «metodologiaren ezaugarriak kontuan izanda, ezin da jakin behatu diren pertsona horiek Astigarragako biztanleak diren ala ez», gogorarazi zuen Klusterrekoak. 

Laginarekin jarraituta, Altunak aipatu zuen datu-bilketarako, guztira, 36 ordu erabili zituztela. Horrekin lotuta, neurketa herriko hiru zonaldetan egin zela esan zuen. «2021eko neurketan hiru ibilbide bereizi dira, eta presentzia orekatua izan da hiru ibilbideen artean. 2016ko neurketan, ordea, bi ibilbide bereizi ziren, Joseba Barandiaran plaza eta inguruak, eta Foru plaza eta inguruak; 2021ean Kontxa Etxeberria plaza eta inguruak biltzen dituen ibilbidea gehitu da». Hain zuzen ere, ikerketa bost urtean behin egiten du Klusterrak, eta oraingo honetarako, herria haunditu denez, aipatutako ibilbideak gehitzea erabaki du.  

 

Datu orokorra: 10 lagunetik 3, euskerazko elkarrizketetan

Hasierako azalpen guztiak amaituta, datu orokorra aurkeztu zuten. Ikerketa-garaian, Astigarragako kaleetan topatutako 10 lagunetik 3 euskerazko elkarrizketatan ari ziren (zehazki, %31,8). Gainerakoak, gaztelaniazko (%67,2), frantseseko (%0,3) eta beste hizkuntza batzuetako (%0,7) elkarrizketetan ari ziren. 

Aurreko urteetako bilakaera aztertuta, ia zazpi puntuko beherakada izan du euskeraren erabilerak Astigarragan azken bost urteko epean (2016tik 2021era). «Garrantzizkoa da hori, izan ere, aurreko bosturtekoan gertaturiko igoerari itzulia eman eta duela 10 urte (2011n) behatu zen erabilera datu ia bera jaso da neurketa honetan», azpimarratu dute Klusterrekoek. Nolanahi ere, bilakaera luzeagoa aztertuz gero, Astigarragako kale-erabileran gorabeherak nabarmentzen dira. «Horien ondorioz, 2001etik 2021era doan hogei urteko tartean euskararen kaleko erabilerak hiru puntuko gorakada izan du», gehitu dute azalpenean. 

Bestalde, azpimarra egin zen udalerriko ibilbideen egoera aztertzean. Euskeraren erabilerari dagokionez, emaitza altuenak Joseba Barandiaran plaza eta inguruetan jaso dira (%38,6). Hamar puntu baxuagoa izan da Foru plaza eta inguruetan eta horren oso parekoa Kontxa Etxeberria plaza eta inguruetan behatu dena (%28 eta %27,4, hurrenez hurren). 2021eko txostenean, Kontxa Etxeberria plaza eta inguruetako ibilbidea gehitu zaie beste bi ibilbideei, eta hortaz, ez dago gaur gaurkoz ibilbide berriaren bilakaeraren inguruko daturik. 2016tik 2021eko neurketetara bilakaera duten bi ibilbideetan euskararen erabilerak behera egin du. Joseba Barandiaran plaza eta inguruen kasuan, beherakada apala izan da (%40,7 2016an eta %38,6 2021ean), baina Foru plaza eta inguruetan beherakada ia hamar puntukoa izan da (%36,7 2016an eta %27,4 2021ean).

 

Haurren kasuan, inoizko daturik baxuena jaso da

Aurkezpenaren amaieran, beste hainbat ondoriorekin borobildu zen saioa. Besteak beste, interesgarria da aipatzea Astigarragan, emakumezkoek gehiago egiten dutela euskeraz gizonezkoek baino. «Joera hori, oro har, Euskal Herriko lurralde guztietan errepikatzen den fenomenoa da, adin-talde guztietan adinekoetan izan ezik. Badirudi, emakumeek eta gizonek euskerarekiko izan ditzaketen irudi zein balio desberdinek hizkuntza-hautuan eragiten dutela», helarazi dute txostenean. 

Era berean, adin-tarte gazteenetan haundiagoa da euskeraren erabilera Astigarragan: «Haurren, gazteen eta heldu gazteen erabilerak batezbestekoaren gainetik kokatzen dira, eta neurri haundi batean, euskeraren erabileraren sendotzea eragiten dute». 

Klusterrak dioenez, «garrantzizkoa da haurren kasuari erreparatzea, izan ere, horien arteko inoizko daturik baxuena jaso da. Aldiz, gorako bilakaera neurtu da gazteen kasuan, hain zuzen, haurren erabilerarekin parekatuz. Nolanahi ere, ez da ahaztu behar, Astigarragan ere, asko direla eskolaren bitartez euskaldundu diren haurrak eta gazteak, eta baita migrazioaren ondorioz udalerrira etorri diren herrikideak ere. Horien guztien euskerarenganako jarrera eta hautua, oso kontuan hartzekoa izango da datozen urteetako euskeraren bilakaeran».

Horrez gain, gazteek antzera hitz egiten dute euskeraz euren artean daudenean, adin desberdinetako biztanleekin osatutako taldeetan daudenean baino. Beste adin-taldeetan, berriz, igo egiten da euskeraren erabilera beste adinekoekin daudenean; kasu honetan, bereziki handia haurren artean. Eta horrekin lotuta, hauxe nabarmendu dute txostenean: «Fenomeno horrekin lotzen da haurren presentziak duen eragina euskararen erabileran. Euskal Herriko kaleetan pertsona nagusiak euskeraz gehiago aritzen dira haurrak hurbil daudenean, eurak bakarrik daudenean baino. Joera hori orokorra da, eta Astigarragan ere araua hala betetzen da».

Bukatzeko, aurreratu zuten txostena eskuragai jarriko dutela. Horretan, xehe-xehe azalduta ageri dira ikerketaren datu zein aipamen guztiak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!