«Egun borobila izan zen, hamarrekoa»

Kronika - Erredakzioa 2022ko urr. 12a, 00:00

Hodei Exposito astigartarrak 13-22 garaitu zuen Jon Alberdi, Beotibarren, profesional mailako debutean.

Egun berezia izan zen larunbatekoa Hodei Exposito astigartarrarentzat. Izan ere, profesional mailan debutatu zuen, Tolosako Beotibar frontoian, Promozio mailako Lau t'erdiko Txapelketan. Jon Alberdi izan zuen aurrez aurrre, eta erraz gailendu zen Exposito 13-22ko emaitzarekin.

Bailarako jarraitzaile mordoa bertaratu zen frontoira, Exposito animatzera, eta sekulako giroa izan zen. Debutaren biharamunean, «egun borobila, hamarrekoa» izan zela dio astigartarrak. «Goiz goizetik hasita, apustutik, nahiko lasai sentitu nintzen. Partidu aurretik ere lagunekin egoteak eta burua despejatzeak lagundu zidan lasai egoten. Eta, gero, Tolosan, beroketan eroso aritu nintzen».

Partidu hasieran, zailtasun txiki batzuk izan zituztela onartu du Expositok: «Hankak kargatuta nituen edo, behintzat, ez nituen nahi bezain azkar mugitzen». Hala ere, segituan hartu zuen erritmoa: «Minutuek aurrera egin ahala, beste freskotasun batekin aritu nintzen, oso gustura».

Beotibarreko giroa ere nabarmendu du Astigarragakoak. «Lagunak eta familia bertan ikustea izugarria izan zen, frontoia beteta zegoen, eta ametsetan bezala egon nintzen». Gero, Akarregi sagardotegian ospatu zuela dio Hodeik, bapo afaldu ere!

Eta garaipena ahaztu gabe, baina lanerako gogoarekin, hauxe aipatu du pelotariak: «Igandean entrenamendua izan nuen Ander Formosorekin; luzaketak, mugimendu batzuk... Hurrengorako prest!».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!