Donostia ibilbidea itxita egongo da, berritzeko lanek iraungo duten zazpi hilabeteetan zehar

Kronika - Erredakzioa 2022ko urr. 11a, 00:00

Atzotik, obrek dirauten bitartean, itxita egongo da ibilgailuentzat. Bidegorria, aldiz, behin-behineko ibilbide batekin erabilgarri egongo da.

Donostia ibilbidea berritzeko lanak hasi dira eta errepidea itxi da hezeguneko biribilgunetik kupelaren biribilguneraino. Lanek zazpi hilabeteko iraupena izango dutela aurreikusten da, eta epe horretan kalea itxita egongo da ibilgailuentzat. Bidegorria, aldiz, une oro egongo da erabilgarri, behin-behineko ibilbide batekin.

Obra honetan bi jarduera bereizten dira. Alde batetik, Astigarraga eta Hernani lotuko dituen bidegorria eraikiko da. Eta bestetik, bidea urbanizatuko da: errepidea, espaloia eta aparkalekuak hobetuz. Urbanizazio horrekin, bidearen maila Nabarra Oñatz kalekoaren parekoa izango da, eta horrek ibaiaren goraldiak eragindako uholdeak eragotziko ditu.

Lan horiek egiteko 31 zuhaitz moztu behar izan dira, Udalak ahalik eta zuhaitz gutxien mozteko ahalegina egin du eta behar-beharrezkoak direnak baino ez ditu moztuko. Astigarragako Udalak hasierako proiektua aldatu du, zuhaitzen gaineko eragina are gehiago murrizteko.

Aldi berean, 16 zuhaitz berri landatuko dira, azken 4 urteetan herrian (ibai-parkean zein herrigunean) landatu diren beste 2.000 zuhaitzei gehituko diren 16 zuhaitz berri.

Lan hauek Sasoi Eraikuntzak, S.L. enpresak gauzatuko ditu, 1.038.318,02 eurotan (BEZ kanpo) esleitu zaizkio, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak 297.375,01 euroko ekarpena egingo du proiektu honetan.

Autobus zerbitzua

Autobus zerbitzuari dagokionez, BU12 eta BU13 lineak urriaren 10eko 10:00etatik aurrera Bidebitarte industriagunetik sartuko dira, Hernani eta Donostiarako noranzkoan. Hiru geltoki izango dituzte: kirol kantxan, gasolindegian eta biurrarena inguruan.

 

Bizilagunak

Nabarra Oñatz kaleko bizilagunek Kale Nagusiko 3. zenbakian (Correos aldean) izango dituzte hondakinen edukiontziak, obrek irauten duten bitartean. Udalak aldez aurretik barkamena eskatu nahi die astigartarrei obra horiek eragin ditzaketen eragozpenengatik.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!