Sutea piztu zen atzo iluntzean, Bidebitarte poligonoan, Peio Berra desguazean

Kronika - Erredakzioa 2022ko urr. 8a, 10:41

«Zarkumendegitik pasa ziguten abisua, leherketak entzuten ari zirela-eta. Sekulako sutea izan da eta guztia kixkalita dago», kontatu du Astigarragako Udaltzaingoak. 

Atzo iluntzean gertatu zen ezbeharra. Astigarragako Udaltzaingoak jakitera eman duenez, iluntzeko 20:30ak aldera jaso zuten Zarkumendegi futbol zelaikoen deia, leherketak entzuten ari zirelako. «Segituan bertaratu ginen hara, eta sekulako sutea ikusi genuen», azaldu dute. Udaltzainekin batera, bertaratu ziren Ertzaintza eta Donostiako Parkeko suhiltzaileak. 
«Jabeari deitu genion, eta bera ere berehala bertaratu zen desguazera. Gertatu dena sinestu ezinik dago; zortzi langileko enpresa da eta guztia erre da». Kontatu dutenez, suhiltzaileek orduak eman zituzten sutea itzaltzen: «Goizeko 03:00ak aldera esan genion jabeari etxera joateko, baina Ertzaintza bertan gelditu da gertatutakoa ikertzen». Hain zuzen ere, ikerketa ireki dute zer gertatu den jakiteko, eta sutea piztearen arrazoia argitzeke dago oraindik.

«Izugarrizko sutea» izan zela azpimarratu du Udaltzaingoak. «Zeharo deseginda dago guztia, hormigoia ere kixkali du suak. Eraikin osoa erre du. Kotxeak sei edo zazpi pisutan pilatuta zeuden, eta denak erre dira». 

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!