Urteko bigarren nazioarteko parte-hartzea izango du Eragiyok Abesbatzak, asteburu honetan. Astigartarrek Frantzian dute hitzordua, Châtel-Guyonen-en (Auvergne).
Abesbatzak parte hartuko du Rencontres Internationales de Voix d'Hommes jaialdi entzutetsuan, eta Théâtre de Châtel-Guyon izango da topaketaren lau kontzertuen agertokia.
18 kidek osatuko dute Eragiyoken espedizioa, guztiak Eneko Amundarain Irastorzaren zuzendaritzapean. Aurreratu dutenez, abesbatzak bi kontzertu eskainiko ditu, «eta bakoitzean erabat desberdina den programa aurkeztuko dugu, bietan ala bietan euskal musikak aparteko garrantzia izanik».
Lehenengo kontzertuan, Miren Gabirondo Olazabal piano-jolearen laguntzarekin, Pablo Sorozabal musikaria omenduko dute. Bigarrenean, berriz, «a capella» arituko dira, eta nazioarteko zein euskal folkloreko piezak uztartuko dituzte. Besteak beste Kitolis, Illunabarra, edo Ator, mutil.