Gaur arratsaldeko 20:00etan, Kutsidazu bidea Ixabel musikalaz gozatzeko aukera izango dute astigartarrek. Erriberan eskainiko da emanaldia, eta sarrerak 10 euro balio du, 18 urte baino gutxiagokoentzat, berriz, 5 euro. Gainera, gaur arratsaldeko 19:00etan, sarrerak erosteko aukera egongo da, Erriberako leihatilan.
Joxean Sagastizabalen Kutxidazu bidea Ixabel nobela, gehien irakurri den euskerazko nobela, orain, formatu musikalean entzuteko aukera eskainiko du, Demode Quartet konpainiak, Patxi Barcoren zuzendaritzapean. Ondorengoak izango dira oholtza gainera igoko diren antzezleak: Xanti Krokostegi, Maria Redondo, Ainhoa Aierbe, Inaxio Tolosa, Karlos Gnema, Iker Huitzi, Joli Pascualena eta Santi Romano.
Juan Martin eta Ixabel, euskera eta maitasuna
«90 minutuko komedia musikal honetan, Juan Martín donostiar gaztea mendi puntan galdutako baserri batera joango da uda igarotzera, bere euskera maila hobetzea helburu hartuta. Han dagoela, abesti eta abesti artean, egiaztatuko du baserrian bizi direnek darabilten euskarak ez duela zerikusirik gelan ikasi duenarekin. Baserriko Musikal honetan, Juan Martínek bi auziri egin beharko die aurre: batetik, hizkuntza-arazoak ditu, eta, bestetik, landa-inguruneaz ezer gutxi daki. Horrez gain, Ixabel familiako alaba erakargarriak ordura arte ezezagunak zituen sentimenduak piztuko dizkio, eta inguruak ere zur eta lur utziko du, izan ere, musikaren bidez komunikatuko da berarekin: zuhaitz traperoak, kupelari abesten dioten sagarrak eta behiak dantzan».
Bestalde, aipatzekoa da, Demode Quartet konpainiak eskainitako emanaldi musikal honek, 2021ean ikuskizun musikal onenaren Max Saria irabazi zuela.