Lidia Lorden eta Ander Garcia azkarrenak, Kros Herrikoian

Kronika - Erredakzioa 2022ko urr. 4a, 00:00
Hiru korrikalari irripartsu, Astigarragako Kros Herrikoiean.

Dozenaka herritar animatu ziren lasterketaren aurreneko edizioan parte hartzera, eta giro ederrean osatu zuten 5,7 kilometroko ibilbidea.

Igandean jokatu zuten, azkenean, Astigarragako Kros Herrikoiaren aurreneko edizioa. Uztailean beroagatik atzeratu bazen, askoz ere atseginagoa izan zen giroa herenegun, eguzkiak berotu zuen arren. Dozenaka herritar animatu ziren, goiza korrika eta animo artean pasatzera. Guztira, 40 korrikalari inguru elkartu ziren irteeran, eta bakoitzak bere erritmoan osatu zituen ibilbidearen 5,7 kilometroak, baina gehien-gehienek irripartsu.

Kale Nagusitik abiatu eta berehala luzatu zen tropela, Apeztegi plazatik kultur etxe zaharrera bidean. Anuska auzotik jaitsi, eta Zarkumendegira bidean abiatu ziren, joan-etorri luzea egiteko. Nekea pilatuta zeukaten korrikalariek herrigunera bueltatu zirenerako, baina zati gogorrena zain zeukaten oraindik, hezegunetik Andre Mari elizaren ondora igo behar izan baitzuten, Pelotari kalera jaitsi eta helmugarako bidea hartu aurretik.

Denetan azkarrenak izan ziren Lidia Lorden, emakumezkoetan, eta Ander Garcia, gizonezkoetan. Barazki saski bana jaso zuten biek, bukaeran. Baina beste hainbat ere, ez ziren esku hutsik bueltatu etxera, makina bat sari zozketatu baitzituzten, herriko establezimenduek emandakoak: Ikatza tabernan bi lagunentzako gosaria, Ezpela belardendako produktu sorta, kiroldegiko ikastaroetarako bonoa, eguzkitako kirol betaurrekoak...

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!