'Astigarragako emakumeak eta komertzio txikiak', argazki-lehiaketa

Kronika - Erredakzioa 2022ko urr. 4a, 00:00
Isabel Mendiroz Coviraneko langile ohia, dendan, bezero batekin batera.

Urriaren 21era arte aurkeztu daitezke argazkiak, Erriberan eta 'astigarraga.kultura@gmail.com' helbidean.

Astigarragako kultur agendaren barruan eta Udalak antolatuta, 2023ko egutegia osatuko duten argazkiak hautatzeko argazki-lehiaketa jarri dute martxan. Zabalik dago proposamenak aurkezteko epea, Erriberan eta astigarraga.kultura@gmail.com helbide elektronikoan. 

Aurtengo gaia honako hauxe da: Astigarragako emakumeak eta komertzio txikia.

Egitasmoa Emakumeak eta komertzio txikia proiektu orokorraren baitan kokatzen da. Helburu du, besteak beste, «balioan jartzea emakumeak historikoki eta gaur egun izandako papera herriko merkataritza txikian». Izan ere, diote, «gertuko komertzioak, berezkoak dituen merkataritza-funtzioak ez ezik, auzokoen bizitza sozio-komunitarioan eragina duten hainbat eginkizun ere betetzen ditu. Horrela, komertzio txikia herritar eta bizilagunentzako sostengu sozioemozionalerako gune izan da tradizionalki, komunitatea sortzeko eta garatzeko espazio partekatua, elkarren artean erlazionatzeko gunea, eta elkar zaintzeko esparrua. Neurri haundi batean emakumeak dira, eta izan dira, espazio hori bizirik mantendu dutenak; beraiek izan baitira establezimenduetako langile eta arduradun, baita enkargutan ibili direnak ere». Aipatutako horiek guztiak dira, hain zuzen ere, argazkien bidez islatu nahi diren ideia eta balioak.

 

Irabazleak, saria

Parte hartzeko baldintza bakarra da 14 urtetik gorakoa izatea. Irabazlearen argazkia 2023ko egutegiaren azalean agertuko da eta, gainera, 150 eurok erosketa bonoa jasoko du. Finalera heltzen diren 12 argazkietako bakoitza egutegiaren hilabeteetako batean agertuko da eta, horrekin batera, egileari argazkiko 80 euroko erosketa bonoa emango zaio. Erosketa bonoak izango dira 2022ko abenduaren 31 baino lehen Astigarragan kokatutako dendaren, jatetxeren, zerbitzuren edo enpresaren batean erabiltzeko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!