Gaurtik, urriaren 14ra bitartean, Giza habitat ezkutatua erakusketa egongo da ikusgai Astigarragako Erribera kulturgunean, ondorengo ordutegian: goizeko 09:00etatik eguerdiko 13:00etara eta arratsaldeko 16:00etatik 20:00etara bitartean. Erakusketari buruzko xehetasunak emango ditu Beñi Agirre hernaniarrak, eskainiko dituen bi bisita gidatuekin. Gaur izango da lehen bisita gidatua, arratsaldeko 19:00etan hasita, eta urriaren 14an izango da bigarrena, ordu berean.
Historiaren mugarri garrantzitsuenak ikusgai, Erriberan
«Erakusketa honek gure historiaren mugarri garrantzitsuenak erakusten ditu. Euskal Herriko historiaren gakoak eskaintzen dituen erakusketa da: euskalnafarren habitata eta lurraldetasuna; mugarriak izan diren datak, pertsonaiak, eta gertaera garrantzitsuak modu grafiko argi eta atseginean kontatuak. Honen bidez, erakusketak mendeetako historia laburtua erakusten du, modu argiz, esanguratsuz, eta batik bat, pedagogikoz egina. Bisitan laguntzeko panel bakoitzak QR sistemaren irudia du jarraipena egiteko».