Kros Herrikoiaren aurreneko edizioak hartuko ditu gaurkoan, Astigarragako kaleak

Kronika - Erredakzioa 2022ko urr. 2a, 00:00

Goizeko 11:00etan emango zaio haisera, krosari.

Gaur goizeko 10:00etatik 11:00etara, Astigarragako I.Kros Herrikoian izena emateko aukera egongo da, irteera gunean. 

Urduritasuna eta gogoa izango dira gaur protagonista astigartarren artean, itxaronaldi luze baten ostean, heldu da azkenean Astigarragako Kros Herrikoiaren aurreneko edizioa. Uztailaren 16an zen egitekoa, baina beroa zela eta atzeratu egin zen. Hori horrela, gaur ospatuko da, Astigarragako Kros Herrikoia, goizeko 11:00etan hasita eta  5,7 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute partehartzaileek.

Ondorengo ibilbidea egin beharko dute astigartar korrikalariek: Kale Nagusitik abiatuko dira, eta Apeztegi plaza zeharkatuta, kultur etxe zaharrera joango di­ra, atzeko pasealekutik. Ondo­ren, Zarkumendegira doan bidegorritik egingo dute bide luzea: futbol zelaira joan eta buelta. Galtzaur kaletik sartuko dira bueltakoan, eta Donostia Ibilbidera iritsiko dira, herriko sarrerako errotondaren parean. Bertatik, Do­nos­tia­ko Ibilbide osoa egingo dute korrika, eta ku­pelaren errotondan emango du­te buelta, hezegunera iristeko. Parkean barrena, elizaren ondoko aldapa igo eta jaitsita iritsiko dira Pelotari kalera, eta helmugarako bidea hartuko du­te.

 

Izena emateko aukera, gaur ere 

Gaur goizean ere izango da Astigarragako Kros Herrikoian izena emateko aukera, goizeko 10:00etatik 11:00etara bitartean, irteera gunean. 2007an edo lehenago jaiotako guztiek hartu dezakete parte. Sariak izango dira irabazleentzat, eta opariak zozketatuko dituzte partehartzaileen artean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!