2023ko ordenantza fiskalei hasierako onespena, Plenoan

Kronika - Erredakzioa 2022ko urr. 1a, 00:00

Ikasturteko lehenengo Tokiko Gobernu Batzarra eta Plenoa izan ziren, hainbat gai garrantzitsu landuta.

Ikasturteko lehenengo Plenoa eta Tokiko Gobernu Batzarra izan ziren joan den asteartean. Gai garrantzitsuak jorratu zituzten; hala nola, 2023ko ordenantza fiskalak eta obren beste hainbat proiektu. 

Plenoko gai-ordenak bederatzi puntu aurkeztu zituen, eta, hasteko, ELA sindikatuak Soberania y Salud eta Bizitza taldeen izenean eta haien ordezkari gisa aurkeztutako mozioa landu zuten. Zehazki, «Pandemia deitutako kudeaketari buruzko kanpaina politiko-periodistikoari buruzkoa, edozein izaki biziduni eragin diezaiokeen kalteei buruzkoa, eta egiturak lagatzeari buruzko». EAJ-PNV alderdiak kontrako bozka eman zuen, «mozioaren edukia zein tonua ez zaizkigulako egokiak iruditu», esan zuen Nerea Zusberro zinegotziak. Nolanahi ere, haiekin biltzeko eta hitz egiteko «arazorik ez» zutela jakinarazi zuen. 

Mozioa aurkeztu zutenez, hainbat herritar bertaratu ziren Areto Nagusira, eta «presazko bilera» eskatu zuten. Zer nahi duten ez zuten argi utzi Plenoan, bilera eskatu baitzioten Udalari gaia bertan lantzeko. Baina, besteak beste, honako hauxe adierazi zuten: «Nahi duguna da ustezko pandemia izan denez geroztik herrian izandako hildakoen kopurua eta heriotzen arrazoiak biltzen dituen txostena. Zer gertatzen ari den jakin nahi dugu. Orain, laugarren dosia dabil bueltaka, baina ba al dakigu zeintzuk diren albo-kalteak? Beldurgarria da». Azpimarratu zuten «behin baino gehiagotan eskatutakoa» dela bilera hori, eta «Udalak herritarren eskaerei erantzun behar diela». Udalak, ordea, aipatu zuen ez dela bere eskumena herritar talde horrek eskatzen duena. «Osakidetzak lantzen ditu datu horiek, eta Eustat-en daude ikusgai», erantzun zien Andoni Gartzia EH Bilduko zinegotziak. Argudiatzen aritu ostean, eskatutako bilera izango zutela azpimarratu zuen Barandiaranek, eta Pleno aretoa utzi zuten herritarrek. 

 

Zerga fiskaletan, %2ko igoera irizpide orokor gisa

Osoko Bilkurak hasierako onespena eman zien 2023ko ordenantza fiskalei, eta 30 eguneko epea ireki zuten alegazioak aurkezteko. 

Udal Gobernuak proposatu du, irizpide orokor gisa, %2ko igoera aplikatzea. «Azken hilabeteetako KPIaren igoera haundiaren eta aurreko legealdian zergak izoztearen ondorioz, Udalak beharko lukeen ahalmen ekonomikoa ahuldu egin da, eta areagotu egin dira proiektuak gauzatu eta herritarren ongizatea bermatzeko oinarrizko zerbitzu eta laguntza duinak bideratzeko zailtasunak». Hori horrela izanik, heldu diote «Udalaren ahalmen ekonomikoa berreskuratzeko edo, gutxienez, ahal dela eusteko erronkari». 

Baliabide ekonomiko urriak dituzten bizilagunek udaletxean hobariak eskatzen jarraitu ahal izango dute, eta 2023rako %20an areagotu da errentaren muga. 

Bestalde, argiteri publikoari begira, Tokiko Gobernu Batzordean onartu zen kontratazio espedientea onartzea eta esleipen prozedura hastea. Helburua da Astigarragaren zati bateko argiteria ordeztea, eta guztira, 93 argi-punturen gainean jardungo da: Oialume Bidean, Kale Nagusian eta Apeztegi Plazaren inguruan. Gainera, beste 4 argi-puntu berri ere gehituko dituzte Arrobitxulo auzoan. 

Murgiako parkeko argi-maila ere hobetuko da, beste hainbat puntu gehituz. Horrela, «erabilera-ordutegiak eta bertako segurtasuna haundituko dira», aipatu zuten. 

Instalazio fotovoltaikoen bueltan ere aritu ziren batzordean, eta onartu zuten hiru eguzki-instalazio martan jartzea: Kultur Etxe zaharreko estalkian, Erribera kulturgunean eta kiroldegian. Udalak energia berriztagarrien aldeko apustua egiten jarraitu du, eta aipatu zutenez, «hiru instalazio horiek etorkizunean etorriko diren hurrengo urratsen lehen urratsak dira». 

 

Obrak, Erribera kulturgunean

Kulturguneko sarbideak egokitzeko obra-proiektua ere onartu zuten. Horretan, bi eskailera eraikitzea planteatzen da, bakoitza eraikinaren mutur batean. Horrela, batetik, suteei buruzko araudia hobeto bete ahal izateko; eta, bestetik, musika-eskolaren sarrera eta irteera autonomoak hobeto bermatzeko. Eraikineko iparraldean, sotoa bide publikoarekin lotuko duen eskailera egingo da, eta fatxadatik eta kanpoko lorategitik osatuko dute konexioa. Hegoaldean, berriz, bide publikoa lehenengo eta bigarren solairuekin lotuko da. Horretarako, eskailera berri bat irekiko dute eraikinaren ondoan. 

Amaitzeko, Oialume auzoko ur beltzaren saneamendu-sarea jarri zuten mahai gainean. Hauxe da Batzordak onartutako obra-proiektuak proposatzen duena: PVCko kolektore bat egitea, Oialume errekastora urak isuri aurretik dagoen kolektorea geldiarazteko. Irtengune-putzua egingo da, eta kolektore berria errekastoaren ibilguaren azpitik bideratuko da».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!