Kros Herrikoia bihar, Astigarragan

Kronika - Erredakzioa 2022ko urr. 1a, 00:00

Bihar jokatuko da Astigarrako Kros Herrikoiaren aurreneko edizioa, herriko kaleetan barrena, 5,7 kilometroko ibilbidearekin. Goizeko 11:00etan abiatuko dira korrikalariak, Kale Nagusiko esne makinaren paretik. Bertatik, Apeztegi plaza zeharkatu eta kultur etxe zaharrera igoko dira, eta Zarkumendegira joan-etorria egingo dute ondoren, bidegorritik. Bueltakoan, Galtzaur kalea eta Donostia ibilbidea egingo dituzte korrika; hezegunetik eliza ondora igo, Pelotari kalera jaitsi eta helmugarako bidea hartuko dute. 

15 urtetik gorako guztiek hartu dezakete parte, 2007an edo lehenago jaiotakoek; eta doakoa da partehartzea, baina izena eman behar da: bihar bertan ere izango da aukera, 10:00etatik 11:00etara, irteera gunean.

 

Sariak irabazleentzat, eta opariak zozketan

Lasterketaren ondoren, Joseba Barandiaran plazan egingo dute sari banaketa. Barazki saski bana jasoko du emakume eta gizon azkarrenak, eta opariak zozketatuko dituzte partehartzaile guztien artean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!