Ibon eta Beñat Sasiain astigartarrek irabazi dute Mihiluzeko aurreneko zakua

Kronika - Erredakzioa 2022ko ira. 30a, 08:58
Ibon eta Beñat Sasiain astigartarrak, Mihiluzeko zakua irabazi berritan.

Bigarren eguna zuten telebista saioan atzo, eta 7.415 euro eskuratu zituzten, azkeneko probako zazpi erantzunak zuzen emanda. 

Astigarragara eraman zuten, atzo gauean, Mihiluze telebista saioaren aurreneko zakua: 7.415 euro eskuratu zituzten Ibon eta Beñat Sasiain anaiek, finalera iritsi eta azkeneko proban zazpi erantzunak zuzen emanda.

Hiru aste dira Mihiluze lehiaketa ETB1era bueltatu zela, urtetako etenaldiaren ondoren. Bikote astigartarrak asteazkenean hartu zuen parte saioan aurrenekoz, eta lortu zuen aurreneko fasea gainditzea. Ondoren, ez ziren sailkatu finalera, baina hurrengo saioan berriro parte hartzeko txartela ziurtatu zuten. Eta bigarren horretan bai, finalera sailkatzea lortu zuten. Ez hori bakarrik: bikain osatu zuten proba erabakigarria, eta beraiek izan dira Mihiluzeren zakua eskuratzen aurrenekoak, saioa berriro hasi denetik.

Azkeneko proba horretan, zazpi herrialderen izenak zuzen kokatu behar izan zituzten hiru zutabetan: horia, berdea edo gorria. Hiru kolore horietako zein dauka herrialde bakoitzaren banderak? Irlanda eta Saudi Arabia berdean kokatu zituzten, eta Norvegia, Malta, Yemen, Nepal eta Dominikar Errepublika gorrian. Zalantzak izan zituzten Yemenekin, eta horixe izan zen aurkezleek azkenerako utzi zuten erantzuna, emozio bila. «Hodei anaiak akabatuko gaitu», zioten bi astigartarrek: «Berari oso ondo ematen zaizkio banderak». Baina baita beraiei ere, atzokoan erakutsi zutenez: zuzena zen azkeneko erantzun hori ere, eta zaku potoloarekin bueltatu ziren etxera.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!