'Balenciaga' telesaila aurkeztu du Jon Garañok

Kronika - Erredakzioa 2022ko ira. 29a, 00:00

Jon Garaño astigartarra, Jose Mari Goenaga eta Aitor Arregi, zuzendariak.

Moriarti ekoiztetxeko Aitor Arregi eta Jose Mari Goenaga kideekin batera zuzendu du telesaila astigartarrak. 

Joan den astean aurkeztu zuten, San Telmo Museoko elizan, Balenciaga telesaila. Azken grabaketekin dabiltza orain, eta, aurreratu zutenez, astebete barru bukatuko dute fase hori. Dagoeneko 17 aste daramatzate lanean, Jon Garaño astigartarraren, Jose Mari Goenagaren eta Aitor Arregiren zuzendaritzapean. Moriarti ekoiztetxeko kideak dira hirurak, eta broma artean bat egin zuten hirurek San Telmon: «Nabaritzen da azken txanpan gabiltzala, ez gara ezertan ados jartzen».

Irusoin produktorak ja­rri zu­en martxan proiektua, eta erronka haundia izan dela aitortu zuen Xabier Berzosa ekoizleak, joan den asteko aurkezpenean. «Cristobal Balenciagaren tankerako pertsonaia baten bueltan aritzea ez da lan makala, eta orain arte ez dugu telesailirik egin». Gainera, Berzosak aipatu zuten Disney+ jarri zela haiekin harremanetan, honako hauxe eskatzeko: «Egun batetik bestera, esan ziguten telesailak amaituta egon behar zuela urtebetean. Une dramatikoa izan zen. Baina, gero, zertxobait lasaitu ginenean, betikoa egin genuen, gure betiko talde ezin hobearekin kontaktuan jarri, eta hankamotz gelditzen zaizkigun aldeak indartu». 

Era berean, zuzendariek aipatu zuten telesaila ekoiztea desafioa izan dela taldearentzat, «Balenciagari buruz gauza gutxi ezagutzen delako, bai bere bizitza pertsonalari buruz eta baita bere lanerako moduari buruz ere. Jakin badakigu oso kontroladorea zela, baina aldi berean nahiko gertukoa ere bazen. Guk gurea egin dugu, biopicetik (pelikula biografikotik) harago, baina beti errespetuz».

Sei kapituluko telesaila

Une honetan, Donostiako Frantzia Pasealekuan dabiltza grabaketa-lanetan, eta, esan bezala, astebete barru itzaliko dituzte kamerak. Denera, sei kapitulu izango ditu telesailak. Hasiera da Balenciagaren iritsiera Parisera, bere maisona irekitzeko; eta amaiera, berriz, protagonistaren establezimenduen itxiera eta hiria uztea.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!