Astigartarrek baiezkoa, Gabonetako argiei

Kronika - Erredakzioa 2022ko ira. 28a, 00:00
2021eko abenduaren 24a, Hernanin, Gabonetako argiak piztuta zeudela.

Guztira, 269 herritarrek erantzun dute Udalak plazaratutako galdera, eta % 61,3ak baiezko botoa eman du. 

Joan den irailaren 16an, Astigarragako Udalak Gabonetako argiei buruzko kontsulta ireki zuen, herritarrek zer nahi duten jakiteko asmotan eta, horrela, Gabonetako argiak jarri ala ez erabakitzeko. Astigartarrek astebetez bozkatu ahal izan dute, eta bozka emateko epea irailaren 23an, joan den ostiralean, amaitu zen.

Denera, 269 herritarrek eman dute botoa. Horietatik, jaso dira 165 baiezko bozka (%61,3) eta 104 ezezko (%38,7). Parte-hartzaileen artean, gehienak emakumezkoak izan dira %65,4ko ordezkaritzarekin; %33,5 gizonezkoak eta %1,1, berriz, ez-bitarrak.

Gainera, bozkak adinaren arabera alderatuz gero, botoen %70,6 30-49 urtekoei dagokie. Beraz, parte-hartzea beste adin-tarte batzuetakoa baino nabarmen haundiagoa da.

Inkesta osatuta, Udalak jakinarazi du emaitza loteslea dela. «Udalak kontsulta hasi zenean jakinarazi zuen bezala, erabakia loteslea izango da. Beraz, 2022ko Gabonetan Udalak herriko kaleak argiztatuko ditu». 

 

Kronikak zabaldutako inkestan, ezezkoa

Gai berari tiraka, Kronikak galdera hau egin zien irakurleei: Beharrezkoak al dira Gabonetako argiak giroa pizteko? Bai ala ez?

Dagoeneko amaitu da erantzuna emateko epea, eta emaitza oso bestelakoa izan da oraingo honetan. Izan ere, 128 botorekin, irakurleen %60,38ak ezezkoa eman die Gabonetako argiak jartzeko aukerari, eta gainerako %39,62ak, berriz, 84 botorekin, baiezkoa.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!