Astigarragako herritarrek gabonetako argiak jartzea nahi dute

Kronika - Erredakzioa 2022ko ira. 26a, 14:13

269 astigartarrek parte hartu dute kontsultan eta % 61,3ak baiezko botoa eman du. 

Joan den irailaren 16an, Astigarragako Udalak Gabonetako argiei buruzko kontsulta ireki zuen, herritarrek zer nahi duten jakiteko eta, horrela, Gabonetako argiak jarri ala ez erabakitzeko. Astigartarrek astebetez bozkatu ahal izan dute, epea irailaren 23an, ostiralean, amaitu baitzen. 

Guztira 269 pertsonek eman dute botoa; horietatik 165ek baiezko botoa eman dute,% 61,3a; eta 104k ezezkoa, % 38,7a. 

Parte-hartzaileen artean, gehienak emakumezkoak izan dira  % 65,4a, % 33,5a gizonezkoak eta % 1,1a ez-bitarrak. 

Botoak adinaren arabera alderatuz gero, botoen % 70,6 30-49 urtekoei dagokie, beraz,  parte-hartzea beste adin-tarte batzuetakoa baino nabarmen handiagoa da. 

Udalak kontsulta hasi zenean jakinarazi zuen bezala, erabakia loteslea izango da. Beraz, 2022ko Gabonetan Udalak herriko kaleak argiztatuko ditu.

 

Kronikak zabaldutako inkestan, ezezkoa

Gai berari tiraka, Kronikak galdera hau egin zien irakurleei: Beharrezkoak al dira Gabonetako argiak giroa pizteko? Bai ala ez?

Dagoeneko amaitu da erantzuna emateko epea, eta emaitza oso bestelakoa izan da oraingo honetan. Izan ere, 128 botorekin, irakurleen %60,38ak ezezkoa eman du, eta gainerako %39,62ak, berriz, 84 botorekin, baiezkoa. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!