Datorren igandean jokatuko da Astigarragako Kros Herrikoia, eta gaurtik eman daiteke izena

Kronika - Erredakzioa 2022ko ira. 26a, 00:00
Hiru korrikalari, hezeguneko aldapan gora, elizaren inguruan.

Goizeko 11:00etan izango da, 5,7 kilometroko ibilbidearekin. Ostiralera arte apuntatu daiteke kiroldegian, eta egunean bertan irteera gunean.

Datorren igandean jokatuko da, azkenean, Astigarragako Kros Herrikoiaren aurreneko edizioa. Uztailaren 16an behar zuen, Santio Jaietarako beroketa gisa; baina beroagatik atzeratu behar izan zuten. Hori horrela, urriaren 2an izango da, goizeko 11:00etan hasita, eta 5,7 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute partehartzaileek.

Kale Nagusitik abiatuko dira, eta Apeztegi plaza zeharkatuta, kultur etxe zaharrera joango di­ra, atzeko pasealekutik. Ondo­ren, Zarkumendegira doan bidegorritik egingo dute bide luzea: futbol zelaira joan eta buelta. Galtzaur kaletik sartuko dira bueltakoan, eta Donostia Ibilbidera iritsiko dira, herriko sarrerako errotondaren parean. Bertatik, Do­nos­tia­ko Ibilbide osoa egingo dute korrika, eta ku­pelaren errotondan emango du­te buelta, hezegunera iristeko. Parkean barrena, elizaren ondoko aldapa igo eta jaitsita iritsiko dira Pelotari kalera, eta helmugarako bidea hartuko du­te.

Lasterketan izena emateko epea gaur zabalduko dute, eta ostiralera arte apuntatu daiteke, kiroldegian. Egunean bertan ere izango da aukera, irteera gunean, 10:00etatik 11:00etara. 2007an edo lehenago jaiotako guztiek hartu dezakete parte, eta doakoa da. Sariak izango dira irabazleentzat, eta opariak zozketatuko dituzte partehartzaileen artean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!