Agifesek antolatutako hitzaldia bihar, buruko osasun arazoak dituztenei babes juridikoa emateari buruz

Kronika - Erredakzioa 2022ko ira. 25a, 00:00

Hitzaldia emango dute Pedro Pardo aholkulari juridikoak eta Agifeseko Esther Ezponda abokatuak, arratsaldeko 18:00etan Erriberan.

Buruko osasun arazoak dituzten pertsonak erdigunean jarriko dituzte bihar, astelehena, Erribera kulturgunean, arratsaldeko 18:00etan hasita. Eta zehazki, haiei babes juridikoa emateko hartu daitezkeen neurriei buruz ariko dira. 

Izan ere, hitzaldia antolatu du Agifesek, buruko osasun arazoak dituzten pertsonen eta senideen Gipuzkoako elkarteak; eta gai horretan adituak diren bi hizlari ekarriko ditu: Pedro Pardo, Euskadiko Buru Osasunaren Federazioko aholkulari juridikoa; eta Esther Ezponda, Agifeseko zuzendaritza batzordeko kidea eta abokatua.

Hitzaldian, 8/2021 legetik abiatuko dira: «arau horren bidez, legedia zibila eta prozesala erreformatzen da, desgaitasuna duten pertsonei beren gaitasun juridikoa gauzatzen laguntzeko. Funtsean, bi adituek azalduko dute arau horrek nola aldatu duen laguntza juridikoaren sistema, desgaitasuna duten pertsonentzat», aurreratu du Agifesek. Esther Ezpondak dio, dagoeneko ez dela hitz egiten «pertsonak ezgaitzeaz, baizik eta pertsona bakoitzari behar dituen laguntza espezifikoak emateaz». Ezpondak berak, aditzera emango ditu «kolektiboarentzat eskuragarri dauden beste babes-neurri batzuk»; besteak beste, prebentzio-botereak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!