Euri-urak festa ez itzaltzeko esperoan, sagar muztioa izango da protagonista gaur

Kronika - Erredakzioa 2022ko ira. 25a, 00:00
Foru Plazan bertan egingo dute 2022ko uztako aurreneko muztioa.

Foru Plazan ospatuko dute Sagar Uztaren egun haundia, eta eguerdiko 13:00etan egingo dute topa herrikoia, uztako lehenengo muztioarekin.

Egun haundia du gaurkoa, Astigarragako sagardogintzak. Beste behin, eta badira 22, Sagar Uzta festa ospatuko dute, aurtengo uzta biltzen hasiak diren garai honetan. Foru Plazan egingo dute, ohi bezala; eta makina bat ekintza prestatu dituzte, goizetik eguerdira. 

Horrela, Txirrisklako txistularien dianaren ondoren, eta familian Sagardoetxeako sagastian sagarrak bilduta, kalejiran joango dira Foru Plazara. Bertan izango da sagarraren azoka, goiz osoan zehar: sagarren erakusketa eta dastaketa, sagardo eta muztio dastaketa, erakustaldiak, baserritarren produktuen salmenta...

Sagardogintzako lanak probatzeko aukera ere izango da plazan, eta sagar dantza eta kirikoketa egingo dituzte eguerdian, eguneko momentu nagusiaren aurretik: topa herrikoia egingo dute, 2022ko uztaren lehenengo muztioarekin. Ondoren, herri bazkaria egingo dute.

Eta eguna borobiltzeko, maila haundiko esku pelota jaialdia antolatu du Mundarrok, arratsalderako. Aurrena, Ados Pilotako profesionalak arituko dira: Iera Agirre Iturriaga eta Oihana Orbegozo, Eneritz Arrietaren eta Maite Ruiz de Larramendiren kontra. Eta ondoren, afizionatu mailako bi bikote, bailarakoak: Eñaut Lizeaga eta Ekain Lizeaga astigartarrak, Beñat Apezetxea eta Antton Apezetxea goizuetarren kontra.

 

XXII. SAGAR UZTA, gaur

Sagarraren Jaia, Foru Plazan

09:30, Txirrisklako txistularien diana.

10:00, Sagar biltzea familiekin, Sagardoetxeako sagastian.

11:00, Sagarraren kalejira, herriko kaleetatik plazara.

11:30-13:00, XIII. Sagar Uzta Argazki Rally Digitaleko izenematea.

11:30-14:00, Sagarraren azoka: sagarren erakusketa eta dastaketa; sagardo eta muztio dastaketa; erakustaldiak; herriko baserritarren produktuen salmenta; eta trikitilariak.

11:30, Sagardogintzako lanak baserri-dolarean: sagar biltzea, jotzea eta zanpatzea, bertako familien laguntzarekin.

12:30, Sagar dantza eta kirikoketa.

13:00, Txalaparta eta 2022ko uztako lehen muztioarekin topa herrikoia.

14:30, Herri bazkaria.

17:30, Pelota partiduak: Iera Agirre Iturriaga-Oihana Orbegozo/Eneritz Arrieta-Maite Ruiz de Larramendi Mujika (neska profesionalak); eta Eñaut Lizeaga-Ekain Lizeaga/Beñat Apezetxea-Antton Apezetxea (mutil afizionatuak).

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!