Sagar Uzta Jaiaren egun haundia bihar ospatuko dute Foru Plazan

Kronika - Erredakzioa 2022ko ira. 24a, 00:00

Gaur, 09:30etan, Sagar Bira hasiko da familia giroan. Bihar azoka 11:30etan irekiko dute eta topa herrikoia 13:00etan ospatuko dute. 

Sagar Uzta festa gaur eta bihar sartuko da unerik beroenean. Gaur, Sagar Bira egingo dute familientzako mendi bueltarekin sagardotegi bidean, 09:30etan abiatuta. Bihar, Foru plazan, festa lehertuko da goiz osoko egitarauarekin.

Goizeko 09:30etan, Txirrisklako txistularien diana izango da; 10:00etan Sagar biltzea egingo da familiekin Sagardoetxeko sagastian; 11:00etan Sagarraren kalejira izango da eta sagarraren azoka 11:30etan haisko da Foru plazan. 

Sagardo eta muztio dastatzea eta saski, txertaketa eta abarren erakustaldiak, herriko baserritarren produktuen salmenta eta trikitilariak izango dira. Ondoren ordu berean, 11:30etan, sagardogintzako lanak bertako familien laguntzarekin erakutsiko dituzte. 12:30etan, sagar dantza eta kirikoketa ikusiko dira.
Txalaparta eta 2022ko uztako lehen muztioarekin topa herrikoia, 13:00etan egingo dira eta 14:30etan izango da herri bazkaria. Arratsaldean, 17:15etan, afizionatuen pelota partiduak jokatuko dira.

Biharko egun haundira gerturatzeko gonbitea luzatu zuen Goldea elkarteko Antton Arkak prentsaurrekoan: «Zita garrantzitsua daukagu Sagar Uztan, eragile desberdinen topaketa egiten dugulako bertan; bakoitza bere izaerarekin, baina bat eginda. Ibilbide luzea daramakigu honetan, eta horrela sendotzen dugu Astigarraga, suspertzen dugu herriko ekonomia, eta herritarrek ere preziatzen dute sagarra eta sagardoa. Hori islatzeko, igandean daukagu topa herrikoia. Sagarra zanpatu eta muztioa plazan bertan egin ondoren, herritarrek eta sagardogileek bat egingo dugu, eta oso polita da hori».

Amaitzeko, irailaren 30ean, Bukoi tabernan sagardo dastaketa egingo da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!