Urteurren ospakizuna, gaur, emakume askoren babesleku izan den Emakumeon Etxean

Kronika - Erredakzioa 2022ko ira. 24a, 00:00
Pasa den urtean, klown Pantxinetak eskaini zuen emanaldia, Emakumeon Etxearen inaugurazioan.

Beatriz Egizabal Klownak eskainitako Magma Mia bakarrizketarekin emango diote amaiera, Emakumeon Etxeko urteurrenari.

Duela urtebete, Emakumeon Etxeak ateak irekitzeko aitzakia hartuta inaugurazio eder bat ospatu zuen. Orduz geroztik, ehunka tailer eta ehunka hitzaldi eskaintzeaz gain, ehunka emakumeen etxe ere bilakatu da Astigarragako Emakumeon Etxea. Hori guztiagatik eta arrazoi gehiago tarteko, Emakumeon Etxeak aurreneko urteurrena ospatuko du, gaurkoan. Hori horrela, eguneko ekintzen eta etorkizunekoen berri eman diote Emakumeon Etxeko kideek, Kronikari. 

Goizeko 11:00etan emango zaio hasiera urteurrenari, hamaiketako eder baten bueltan bilduz: «Euria eginez gero, Emakumeon Etxean bilduko gara, barruan». Eta ondoren, Konfinatu ezinezko ahotsak dokumentalaren proiekzioaz gozatzeko aukera eskainiko dute: «Konfinamenduan grabatutako dokumentala da, eta urteurrenerako aproposa dela iruditzen zaigu». 

Eguerdiko 13:30etan, Sorginbanda Batukada Feministak hartuko du batuta, herriko txokoak zeharkatuz. Segidan, bazkari baten bueltan bilduko dira: «Kide berriekin harremantzeko eta loturak egiteko». 

Eta arratsaldean, Beatriz Egizabal Klownak, Magma Mia bakarrizketa eskainiko du: «Etxe barruan izango da, eta emanaldi honekin emango genioke amaiera urteurrenari».

 

«Urte berezia»

Hasieran erabiltzen zuten lokalari, Emakumeon txokoa izena jarri zioten, ondoko arrazoia medio: «Gure helburua zen, benetako emakumeon etxe bat lortzea. Eta denborarekin, lortu genuen emakumeok biltzeko erabili genezakeen eremua: Emakumeon Etxea, iaz irekitakoa, hain zuzen ere».

Urtebete honetan, eraldaketak izan ditu Astigarragako Emakumeon Etxeak, eta bertako kideak konturatu dira hau ere txiki gelditzen ari zaiela: «urte honetan sekulako arrasta izan du eremu honek. Ikastaro, hitzaldi, saio eta jarduera ugari egin dira, eta jende asko hurbildu da. Guztira 170 bat kide inguru ditugu. Beraz, hurrengo pausua, eremu haundiago bat lortzea izango da». 

«Arrakastatsua» izenondoarekin laburtu daiteke Emakumeon Etxeak izan duen urtea: «Ikastaro ugari antolatu ditugu, eta horrek, jendea erakarri du. Guri balio izan digu ezagutzen ez dugu jendearengana hurbiltzeko. Askok ez zuten etxea ezagutzen, eta ikastaroengatik jende ugari gerturatu da. Modu honetara ezagutu dute zer den Emakumeon Etxea». 

 

Proiektu berriak, urtaro berrirako 

Urte «baikorra» izan da Emakumeon Etxekoa, hala ere, lanean jarraitzen dute bertako kideek, eta dagoeneko abendura arte programazioa oparoa prestatu dute. 

Ekintza batzuk irailean zehar burutu dira, baina beste asko daude, oraindik hasi ez direnak. Datorren astelehenean, Minbizia=aukera berria izeneko hitzaldia eskainiko du Estitxu Mendizabalek elebietan, arratsaldeko 18:00etan, Emakumeon Etxean. Urriaren 7an, berriz, Gure Hots dokumentalaren proiekzioa ikusteko aukera izango dute bertaratzen direnek. Arratsaldeko 18:30etan jarri dute horretarako hitzordua.

Irailaren 28an elektrizitateari buruzko tailerrei emango zaie hasiera (Manos a la luz). Paz Carbajosa izango da tailerra eskainiko duena. Horrez gain, Beterri Buruntzako ekonomia feminista eskola ere programazioaren parte izango da. Urriaren 1etik ekainaren 3ra arte iraungo du ikastaroak, bi astean behin bilduz. 

Zoru pelbikoa lantzeko ikastaroa, honako data hauetan izango da: urriaren 6an, eta 20ean; azaroaren 3an eta 17an, eta abenduaren 1ean eta 15ean. Ikastaro hauek, liburutegi zaharrean egingo dira. 

Horrez gain, Zineforuma ere antolatu dute, urriaren 21erako, azaroaren 18rako eta abenduaren 16rako. Eta sexualitatea erdigunean jarriko den tailer batean parte hartzeko aukera ere izango dute herritarrek: Sexualitatea bizitzako etapa ezberdinetan. Hiru saio eskainiko dira: urriaren 25ean, Amatasuna eta erotika; azaroaren 22an, Gazteak harremanez hausnartzen; eta azkenik, abenduaren 6an, Helduak eta gaztetxoen sexualitatea. 

Ikastaroetarako, aldez aurretik izena eman behar da, eta hainbat modu daude: Emakumeon etxera bertaratuz, emakumeonetxea.astigarraga@gmail.eus helbidera idatziz edo 648 417 157 telefonora deituta.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!