Urteurreneko festa etzi, Emakumeon Etxeak

Kronika - Erredakzioa 2022ko ira. 22a, 00:00

Dokumentala, batukada, bazkaria eta bakarrizketa izango dira Emakumeon Etxean, eta doakoa izango da dena.

Lehenengo urteurrena beteko du Astigarragako Emakumeon Etxeak, asteburu honetan: joan den urteko irailaren 25ean inauguratu zuten, makina bat emanaldirekin. Eta beste festa batekin ospatu nahi dute aurreneko urtebetetzea, larunbat honetan. Lau hitzordu jarri dituzte, Emakumeon Etxean bertan; eta doakoak izango dira guztiak.

Hamaiketakoarekin hasiko dute ospakizuna, 11:00etan; eta Konfinatu ezinezko ahotsak dokumentala ikusiko dute segidan, Basauriko Kiskali Gazte Talde Feministak egindakoa. Ondoren, inaugurazio ekitaldian bezala, ez du hutsik egingo Sorginbanda Batukada Feministak, 13:30etan. Eta bazkari baten bueltan elkartuko dira gero.

Arratsaldean, berriz, umorearekin izango dute zita, Beatriz Egizabal lasartearraren bisita jasoko baitute, Magma Mia bakarrizketarekin.

 

EMAKUMEON ETXEA

IRAILAK 24, larunbata

11:00, Hamaiketakoa, eta ondoren Konfinatu ezinezko ahotsak dokumentala.

13:30, Sorginbanda Batukada Feminista.

14:30, Bazkaria.

18:00, Beatriz Egizabalen 
Magma Mia bakarrizketa.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!