«Ama izatea eta aldi berean kirolari profesionala izatea, sekulako erronka da»

Kronika - Erredakzioa 2022ko ira. 20a, 00:00
Leire Olaberria, Realarentzat egindako hitzaldi batean.

Leire Olaberriak, amatasuna eta kirola uztartzeak dauzkan zailtasunak eta errealitateak ekarriko ditu mahai gainera, bihar eskainiko duen hitzaldian.

Bihar arratsaldeko 18:00etan, Leire Olaberria pistako txirrindulari profesional ohiak, Amatasuna eta kirola hitzaldia eskainiko du Erriberan. Kronikak, Olaberriarekin jardun du eta hitzaldian aipatuko dituen istorio eta esperientziak kontatu dizkio, besteak beste. 

 
Oinetan pedalak izatetik, ahoan mikrofonoa izatera igaro zara. Noiz hasi zinen jendaurrean hitz egiten?

Kirolean bizitza guztia igaro ondoren, bizipen asko gordetzen dituzu. Eta niretzat nire kirol ibilbidearen amaiera izanda, ama izateko erabakia hartu nuenean. Guztira 13 urte egin nituen profesional gisa, eta 39 urterekin ama izateko erabakia hartu nuen. Kontzienteki, banekien ez nintzela kirolera itzuliko, ikusita nola funtzionatzen zuen sistemak. 

Hor erronka bat ikusi nuen, 13 urte horietan ez nintzen ausartu ama izatera, ez nengoen seguru. Izan ere, ez nuen ikusten inguruak erraztasunak jarriko zizkidanik. Behin joko olinpikoetako sailkapena okertu zitzaidan, Riora bidean nindoala, gaixotasuna zela eta. Momentu hartan jokoetatik kanpo gelditu nintzen, eta hor ez nuen dudarik izan, ama izan nahi nuen eta argi neukan erabakia. 

Denak bide onetik jarraitzen bazuen, kirolera bueltatu nahi nuen. Eta hala egin nuen, baina bizitako esperientziek, nolabait, barru barrutik aldatu ninduten, eta egungo errealitatea bizitzera eraman ninduten. Ate guztiak irekita izan nituen, selekzioko konbokatoria guztietan izan nintzen, mundutik zehar ere ibili nintzen… Baina jabetu nintzen, agian muga ez zegoela guregan. Momentu horretan konturatu nintzen amatasuna oraindik ez zela ulertzen. Ez zela erraza, ezta erosoa ere. 

 
Eta hau guztia kontatzeko beharra sentitu zenuen momentu hartan? 

Hori da, lau haizetara kontatzeko beharra izan nuen. Eta Aldundiak, programa bat eskaintzen zuen, kirolari profesionalei zuzendua. Kirola uzten genuen momentuan laguntzeko. Formakuntza bat izan genuen, hitzaldiak egiteko, eta hor hitzaldiak emateko prestakuntza jaso nuen. Aukera hori aprobetxatuta, eta bizitakoak bizita, pentsatu nuen interesatzen zen lekuetan behintzat, zer kontatu baneukala. 

 

Eskainitako lehenengo hitzaldia, gogoan duzu? 

Lehenengo hitzaldia, ziurrenik, kirolari gaztetxoei zuzendutakoa izan zen, ez nago seguru, asko egin baititut. 

 

Gaur egun, nola definituko zenuke zure burua? Emakumea, ama, txirrindulari ohia, hizlari?

Ama jarriko nuke gauza guztien gainetik. Gainera, ama izan nintzen, eta kirolari uko egin behar izan nion. Lehenengo haurdunaldia oso potentea izan zen, kirolarekin ezin ondo uztartzea, bizitutako guztia… Orain bigarren haur bat izan dut, eta bigarren honetan, behar dudan denbora izan dut, umearekin egon… Beraz, momentu honetan gauza guztien gainetik ama naiz, eta gero beste gauza guztiak.  

 
Eliteko kirolaria izan zara. Espainian askotan gelditu zara txapeldun, eta mundu mailan ere baduzu domina… Nola sentitzen da norbera hau dena lortuta? 

30 titulu edo baditut. Momentu batean hauek ikusi eta zuk zeuk irabazi dituzula jakiteak, motibatu egiten zaitu. Kirolari profesionala izateko eman behar duzu maila bat, eta maila hori eman nuela jakiteak poztu egiten nau. Europako txapeldun izan naiz, munduko txapelketetan dominak ditut, munduko kopa ere irabazi dut. 

 
Zein da zuretzat irabazi duzun saririk potoloena? 

Kirol arloan, domina olinpikoa irabaztea sekulakoa da. Baina behin kirol ibilbide guztia egin eta seme-alabak dauzkazunean jakiten duzu, saririk potoloena zure haurrak direla. 

Bihar 'Amatasuna eta kirola' izango dituzu hizpide. Izenburua argia da, baina ama izateak eta kirola egiteak lana suposatuko du… Zer kontatuko diguzu? 

Bai, hori da, niretzat behintzat, konflikto bat izan da. Duela bost urte erretiratu nintzen kiroletik eta bai ikusten dudala dena beste ikuspuntu batetik gaur egun. Esan dezaket, kirola eta amatasuna, kirol zabala dela. Beraz, saiatuko naiz zentratzen goi mailako kirolean, nik neuk hor egin dudalako nire ibilbidea, eta horko istorioak ezagutzen ditudalako. Nire helburua da azken lauzpabost urteetan kirol profesionalean izan diren erreferenteei buruz jardutea, eta nola ez amaieran mundu mailako erreferente hauek hurbildu. Istorio politak daude, eta hauek kontatuko ditut, baina istorio polit horietan beti daude zailtasunak eta noski, hauek mahai gainean jarriko ditut. 

Gaur egun, ni lan munduan nago, eta amatasuna eta aitatasuna, erronka haundiak dira. Baina kirol profesionalean, batzuetan are gehiago, erronka potoloagoa da. Guztiok dauzkagu egunerokotasunean zailtasunak, eta hauek nola bideratu planteatuko dugu, beldurrei buruz hitz egingo dugu, eta bakoitzak ere bere irakurketa egin dezala.  

Egia dena da, gaur egun oraindik kirol legedia oso-oso zaharkituta daukagula. Gobernu progresista bat daukagu, eta, azken urte hauetan, denok gabiltza kirol legedi berriaren zain, eta oraindik ez dago kirol legedirik. Hala ere, ez dut uste gure politikoek garrantzi haundiegia emango diotenik emakumezkoen kirolari, izan ere, emango baliote beste egoera batean egongo ginatekeela uste dut. 2022garren urtea da, eta ea lehenbailehen legedi berria ateratzen duten eta beste nolabaiteko babesa sentitzen duten emakumeek. Nik ezin izan nuen, baina beti esaten dut, ez badugu ahotsa altxatzen, datozen generazioek zailtasunak izango dituzte aurrera egiteko. Beraz alor hau ere landuko dugu hitzaldian. 

Etorriko den publikoaren arabera hitzaldia moldatzen dut. 

 
Gaur egun oraindik kirolen bat praktikatzen duzu? 

Gaur egun niretzat kirola da oreka. Bi seme alaba ditut eta nire gorputza urte asko eta askotan entrenatzera ohitu da. Ez da erraza egunerokoan pare bat ordu ateratzea, niretzat eta niretzako. Baina bai, beharra sentitzen dut. Ni neu sentitzeko beharra. Kirola beti da niretzat etxe,  neure buruarekin ondo egoteko eta oreka hori egoki mantentzeko lekurik ederrena. 

 

Eta zer moduz eramaten daramakizu ama izatea eta kirola egitea?

Gaizki, orain. Lehen, kirolari profesionala nintzenean, eguraldi txarrarekin ordu txikitan ikusten nituen batzuk bizikletan. Eta momentu hartan esaten nuen: ze motibazio ordu horietan ateratzeko? Ba orain horietako bat ni neu naiz. Goizean goiz esnatzen naiz, nire momentutxoa edukitzeko. Horretarako, agian lo gutxiago egin behar dut, baina behin goizeko kirola eginda, amaitzean, beti diot, ze ondo. Eguna beste modu batera hasten dut, dudarik gabe. 

 
Motibatuta zaude biharko hitzaldirako? Hitzaldia bera ere, motibagarria izango da seguruenik… 

Motibatua noski baietz, zu inspiratua ez bazaude ondokoak inspiratzea zaila izaten da. Azken aldian ez dut hitzaldirik eman eta gogoz nago. Nik uste dut, gainera, batek bere istorioa kontatzen duenean, beti bilatzen duela entzuten dagoen horien artean zerbait piztea, edo zertzeladatxo bat eramatea etxera. Askotan, egia da kirolean eta amatasunean, berdin dela zein herrialdetakoak izan, zein hizkuntzatan hitz egin… Guztiek oso antzeko istorioak eta antzeko beldurrak kontatzen ditugu, eta konplizitate hori ederra dela iruditzen zait.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!