Espainiako txapeldun izan da Jaime Romero astigartarra, pistako eliminazio proban

Kronika - Erredakzioa 2022ko ira. 17a, 00:00

Jaime Romero, eliminazio probako garaipena ospatzen. Argazkia: RFEC

Europako Txapelketan parte hartu ondoren, maila ederrean aritu zen Espainiakoan, bi domina lortuta. Enekoitz Azparren, bestalde, errepideko Munduko Txapelketan ariko da datorren astean, Australiako Wollongongen, 23 urtez azpikoetan.

Konpromiso garrantzitsuak ari dira izaten bailarako txirrindulariak, modalitate ezberdinetan, aste hauetan. Eta maila polita ari dira ematen, gainera.

Jaime Romero astigartarrak, esaterako, bi domina kolkoratu zituen pistako Espainiako Txapelketan, abuztuan Europakoan lehiatu ondoren, munduko espezialista onenetako askorekin batera. Lau probatan aritu zen, eta maila bikaina eman zuen horietako bitan: txapeldun izan zen eliminazio proban, Mario Anguela madrildarrari eta Illart Zuazubiskar bizkaitarrari aurrea hartuta; eta bigarren sailkatu zen bakarkako pertsekuzio proban, Baleareetako Joan Martí Bennassarren atzetik. Scratch proba zortzigarren bukatu zuen, eta 13garren izan zen puntuazioan.

Telmo Semperena astigartarrak ere hartu zuen parte Espainiako Txapelketan, hiru probatan: bederatzigarren izan zen scratch eta puntuazio probetan, eta 10garren eliminazioan.

 

Enekoitz Azparren, errepideko Munduko Txapelketan

Errepideari dago­kionez, Munduko Txapelketa le­hiatzeko deitu du Enekoitz Azparren astigartarra, Espainiako selekzioak. Australian jokatuko da, Wollongong hirian; eta 23 urtez azpikoen proban ariko da Azparren, datorren ostiralean, goizeko 05:00etan ha­sita (hemengo ordua). 170 kilo­me­troko ibilbidea izango dute.

Ez da Munduko Txapelketan izango Xabier Mikel Azparren anaia, ordezkoen artean zegoen arren, bakarkako erlojupekoan zein iraupen proban. Espainiako Vuelta bigarrenez bukatu zuen aurreko igandean, hainbat ihesalditan sartu ondoren, nahiz eta ez duen aukerarik izan etapa garaipenak lehiatzeko. 31 kilometroko bakarkako erlojupekoan lortu zuen posturik onena, 27garren sailkatuta.

Donostialdea Bizikletan taldeko txirrindulari bat ere izango da Munduko Txapelketan: junior mailako proba lehiatzeko deitu dute Yago Agirre donostiarra, Espainiako txapeldun izan ondoren. Aurreko asteburuan bukatu zuten junior mailako denboraldia Gipuzkoan, eta «balantze positiboa» egin du taldeak: «lortutako kirol emaitzak azpimarragarriak izan diren arren, horren gainetik garrantzitsuena da txirrindulari­ek kategoria honen oroitzapen polita izango dutela, guk duela urte batzuk bizi izandakoaz daukaguna bezalakoa», adierazi du Aitor Larrañagak, taldeko zuzendarietako batek. Gainera, nabarmendu du denboraldiko garai ezberdinetan lasterketak irabazteko lehian aritu izana, txirrindulari ezberdinekin: «uste dugu, islatu direla txirrindulariek beren taldekideekiko duten errespetua eta talde lanaren balioak».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!