Astigarragako Kultur Etxe Zaharraren etorkizuna definitzeko prozesu parte-hartzailea maiatzean jarri zuen martxan Udalak. Orain arte hainbat eragile eta pertsona elkarrizketatuak izan dira, tokiko errealitatea gertutik ezagutzeko, eta eraikinaren erabileraren, funtzionamenduaren eta espazioen antolaketaren gaineko lehen hausnarketa eta ekarpenak jasotzeko.
Parte-hartze aukera anitzak eskaintzeko asmoz, galdetegi bat prestatu da, herritarren artean zabalduko dena, bai telematikoki eta bai eskuz betetzeko aukerarekin. Galdetegi horren bidez, diagnostiko bat egitea da helburua, bertan herritarren nahi eta beharrak identifikatzeko.
Galdetegia erantzuteko epea astelehenean ireki zen eta irailaren 30era arte iraungo du. Galdetegia telematikoki betetzeko esteka https://www.astigarraga.eus/eu/kez-inkesta.
Galdetegia eskuz betetzeko aukera ere egongo da herritar orok etxean jasoko duen paperezko formatuaren bidez. Paperezko galdetegia hainbat tokitan entregatu ahal da: Udaletxeko erregistroan, Erribera kulturguneko harreran eta Kultur Etxe Zaharreko bulegoetan.
Gaur eta urriaren 26an foro irekia Kultur Etxe Zaharreko aretoan
Galdetegiaz gain Astigarragako herritarrentzat parte-hartze foro irekiak ere gauzatuko dira. Foro horietan aurrelanketa eta diagnostikotik eratorritako gai estrategikoak landuko dira. Helburua gai horietan sakontzea eta ideia eta gidalerro nagusiak definitzea izango da. Lehenengo foroa gaur izango da, 18:30etan, Kultur Etxe Zaharreko aretoan. Bigarren foroa urriaren 26an, 18:30etan, izango da leku berean, Kultur Etxe Zaharreko aretoan.
Parte-hartze foro ireki horietan adingabeen zaintza zerbitzua eskainiko da. Zerbitzu hori erabiltzeko Udaleko Berdintasun sailarekin jarri behar da harremanetan saioa baino bi egun lehenago (berdintasuna@astigarraga.eus helbidearen edo 943505701 / 638206586 telefonoen bidez).
Prozesu honek Gipuzkoako Foru Aldundiak Gipuzkoako Udalei herritarren parte-hartzea sustatzeko ematen dizkien diru-laguntza jaso du.