Astigarragako Udalak aditzera eman duenez, 2021 eta 2022 denboraldian, batez ere denboraldi amaieran, «maiz izaten ziren eztabaidak, haserreak eta borrokak inguruko herrietan kirol partiduetan, batez ere futbolean. Mailari eusteko edo mailaz igotzeko partiduetan batik bat». Eta Astigarragan, horrelako egoeran gertatu direla ere ziurtatu du «tarteka bada ere».
Futbol Federazioak kirol klubekin partekatu zuen bere kezka, eta egoera horri aurre egiteko eta herriko kirolarien artean giro lasaia eta atsegina lortzeko asmoz, panelak sortu dira, «ikusle ona» izateko hainbat aholkurekin.
Udalak dio helburua argia dela: kirol hezitzailea eta ez bortitza lortzea. Hau da, «Kirolaren hezkuntza balioak sustatzea eta kirol ekitaldietan jarrera positiboa eta lagunartekoa izatea».
Panelak, hiru eremutan
Panelak bisualak dira, eta «ikusle ona» izateko aholkuak jasotzen dituzte esaldi labur eta zuzenekin. Astigarragako hiru eremutan daude kokatuta: Txomiñene frontoian, kiroldegian eta Zarkumendegiko futbol zelaian.
Hona hemen bertan jasotzen diren esaldiak: «Jarrera egokia izan. Zure seme-alabaren eredu zara; animatu, ni eta nire lagunak; txalotu, baita aurkaria ere; errespetatu jokalari, entrenatzaile, epaile eta ikusle oro; lagundu besteek ere arau hauek bete ditzaten; gozatu, ondo pasatzea irabaztearen gainetik doa; euskeraz hitz egin, haserretu, jokatu; jarrera desegoki eta sexistarik ez onartu; eta azkenik, gogoan izan, protagonistak kirolariak dira».