Astelehenean Astigarragako Udalak eta herriko hainbat eragilek sustatzen duten kanpaina aurkeztu zuten, eskainiko diren hainbat jarduera mota azalduz, esaterako; dokumentalen proiekzioak, hitzaldiak, emakumeei zuzendutako kirol jarduerak, ikastaroak, emakumeen kirol txapelketak... Eta ekimen honen antolaketan parte hartu duten eragileak dira: Mundarro Elkartea, Galtzaur erretiratuen elkartea, Gaztelekua, Astigarragako kiroldegia, Emakumeon Etxea, Herri Eskola, Astigarragako Udala eta Berdintasun saila.
Emakumeak eta kirola kanpainako lehen jarduera bihar hasiko da, adineko emakumezkoei bideratutako orientazio jarduera batekin, hain zuzen ere. Urriaren 2an amaituko da Emakumeak eta kirola ekimena, 80-90 hamarkaden artean Astigarragako 'Motelak' txirrindularitza elkartean aktibo aritu zen emakumezko txirrindulari taldeari buruzko dokumentalaren emanaldiarekin. Baina bi jarduera horien artean, beste hainbat burutuko dira; kirol ekintzak: skate ikastaroa, aquafit ikastaroa, eskualdeko nesken lagunarteko eskubaloi txapelketa, piraguan paseoa Olatz Alkortarekin, pala txapelketa eta pilota jaialdia; hitzaldiak: Leire Olaberriak eskainiko du amatasunari eta kirolari buruzko hitzaldia, eta bestea, Oiana Blancoren eta Olatz Alkortaren solasaldia, nerabeekin. Azkenik, aipatu moduan, Astigarragako Motelak taldeari buruzko dokumentalaz gain, Hijas de Cynisca (El deporte femenino habla por igualdad) dokumentala ere eskainiko da.
Asteleheneneko aurkezpenean, argi utzi zuten aipatutako jarduera batzuk emakumeei bakarrik zuzenduta daudela, eta Aintzane Barandiaran Berdintasun teknikariak arrazoiak eman zituen: «nahi duguna da emakumeek lotsa kentzea, parte hartzea sustatzea emakumeen artean».
Bestalde, saio irekiak ez diren arren, irailean zehar entrenamendu saioak egingo dira Mundarroko nesken taldeetako jokalariekin batera, Herri Eskolako gorputz heziketako orduetan.
Zaintza Zerbitzua eskainiko da, aurrez abisatuta
Jarduera horietako batzuetan adingabeak zaintzeko zerbitzua eskainiko da. Zerbitzua behar izanez gero, Berdintasun sailarekin harremanetan jarri behar da jarduera baino gutxienez bi egun lehenago, helbide honetara idatziz: berdintasuna@astigarraga.eus, edota telefono honetara deituz: 943 505 701.
Emakumeak eta kirola. Iraileko egitaraua:
BIHAR
10:30-12:30 Orientazio proba hirugarren adinekoentzat. Txomiñenea pilotalekuan. (E) (Z),
Izen ematea Galtzaur jubilatuen elkartean.
18:00-20:00 Skate ikastaroa. Erribera kulturgunean. (E) (Z). Izen ematea Astigarragako Emakumeon Etxean.
IRAILAK 15
17:00-19:00 Aquafit ikastaroa helduentzat. Kiroldegian (E) (Z). Izena ematea Kiroldegian.
IRAILAK 16
17:00-19:00 Aquafit ikastaroa nerabeentzat. Kiroldegian (E). Izena ematea Gaztelekuan.
18:00 Dokumentala Hijas de Cysnisca (El deporte femenino habla por la igualdad). Erribera kulturgunean.(Z).
IRAILAK 18
09:30 (goizean eta arratsaldean) Urumea bailarako nesken lagunarteko eskubaloi txapelketa. Kiroldegian. Eskualdeko 6 taldek jokatuko dute.
IRAILAK 21
18:00 Leire Olabarriaren hitzaldia. Amatasuna eta kirola. Erribera kulturgunean. (E) (Z).
IRAILAK 23
15:30 Piragua paseoa Olatz Alkortarekin. Ibilbidea: Martutene-Astigarraga-Martutene. (E) (Z).
IRAILAK 24
17:00 Pala txapelketa finalerdiak. Txomiñenea pilotalekuan.
IRAILAK 30
18:30 Oiana Blanco eta Olatz Alkortaren solasaldia. Gaztelekuan.
URRIAK 1
17:00 Pala txapelketa finalak. Txomiñenea pilotalekuan.
URRIAK 2
19:00 Astigarragako 'Motelak' txirrindulari taldeari buruzko dokumentalaren emanaldia. Erribera kulturgunean. (Z)
(E) Soilik emakumeei zuzendutako ekimena
(Z) Adingabekoen zaintza zerbitzua