Joan den urtean ireki zuten pump truck pista Arrobitxulo auzoan. Ordutik, herritar zein bisitari mordoa bertaratu da bizikletan, skate gainean, patinetan zein patineteekin bertako gorabeheretan eta bihurguneetan dibertitzera. Giro ederra sortzen da bertan, hantxe aritzen baitira hasi berriak direnak zein gurpil gainean horrelako pistetan eskarmentua dutenak.
Pistaren inaugurazioarekin batera, bizikletarekin oinarrizko teknikak lantzeko ikastaroa eskaini zuten. Guneak izandako arrakasta ikusita, aurten ere beste ikastaro bat antolatu dute. Irailaren 19tik 22ra eskainiko dute, lau egunez, bi orduko saioetan, arratsaldeko 18:00etatik 19:00etara. Aurtengoa ere bizikletan trebatzeko ikastaroa izango da, eta 2013an edo lehenago jaiotakoek hartu dezakete parte.
Pump truck pistan, bi zirkuito daude, eta biak oinekin bultzatu edo pedalei eragin gabe osatu daitezke. Izan ere, horretarako prestatuta daude mota horretako pistak. Ibilbideei dagokienez, batek 50 metroko luzera du eta besteak 105 metro. Hala ere, azken hori, barianteak baliatuz gero, 157 metrora iritsi daiteke.
Kiroldegian edo internet bidez eman daiteke izena
Ikastaroan parte hartzeko asmoa dutenek, aldez aurretik eman beharko dute izena. Gaur bertan zabaldu dute apuntatzeko epea, eta bi bide daude horretarako: batetik, Astigarragako kiroldegian egin ahal izango da; edo bestetik, kiroldegia.astigarraga.eus webgunearen bitartez. Prezioa 21 eurokoa izango da, kiroldegiko bazkide direnentzat; eta 26 eurokoa, berriz, bazkide ez direnentzat.
Horrekin batera, Udalak gogorarazi du aukera dagoela kiroldegiko zenbait ikastarotan ere izena emateko. Hain zuzen ere, 2022-2023ko ikastaroen denboraldia gaur hasiko da kiroldegian, eta horietako batzuetan oraindik plaza libreak daude.
Hori horrela izanik, izenematea azken ordurako utzi dutenentzat, ikastaroei buruzko informazio gehiago eskatzeko, edota izena emateko, hiru bide jarri dituzte aukeran: kiroldegira gerturatzea, 943 33 36 76 telefonora deitzea, edota kiroldegiko aplikazioan sartzea (kiroldegia.astigarraga.eus).