Bizikletarekin pump track pistan trebatzeko ikastaroa emango dute irailaren 19tik 22ra

Kronika - Erredakzioa 2022ko ira. 3a, 00:00

Makina bat haur eta gazte gerturatu ziren pump track pista probatzera, inauguratu zuten egunean.

Lau egunez eskainiko dute, arratsaldeko 18:00etatik 19:00etara, 2013an edo lehenago jaiotakoentzat. Astelehenetik aurrera eman daiteke izena, Astigarragako kiroldegian edo 'kiroldegia.astigarraga.eus' webgunean.

Joan den urtean zabaldu zuten pump track pista, Arrobitxulo auzoan; eta ordutik, asko eta asko izan dira bizikletan, skate gainean, patinetan zein patineteekin gerturatu direnak, gorabeheraz eta bihurgunez betetako ibilbidean ondo pasa eta abileziak erakustera. Oinekin bultzatu edo pedalei eragin gabe osatzeko modukoa da ibilbidea, horretarako prestatuta baitaude pistaren gorabeherak. Bi zirkuitu daude aukeran, txikiagoa bat, 50 metroko luzera duena; eta haundiagoa bestea, 105 metrokoa, baina barianteak baliatuz 157 metrora iritsi daitekeena.

Pista inauguratu zutenean, ikastaroak eskaini zituzten bertan, bizikletarekin oinarrizko teknikak lantzeko. Eta berriro egingo dute ikastaroa orain: irailaren 19tik 22ra eskainiko dute, lau egunez, arratsaldeko 18:00etatik 19:00etara. Bizikletan trebatzeko ikastaroa izango da, eta 2013an edo lehenago jaiotakoek hartu dezakete parte.

Horretarako, aldez aurretik eman beharko dute izena. Datorren astelehenean, irailaren 5ean, zabalduko dute apuntatzeko epea: Astigarragako kiroldegian egin ahal izango da, edo kiroldegia.astigarraga.eus webgunearen bitartez. Prezioa 21 eurokoa izango da, kiroldegiko bazkide direnentzat; eta 26 eurokoa, bazkide ez direnentzat.

Kiroldegiko zenbait ikastarotan, plazak libre

Bestalde, irailean sartzearekin batera, datorren astelehenean bertan hasiko da 2022-2023 ikas­turtea, kiroldegiko ikastaroetan ere. Eta plaza batzuk libre daude oraindik, zenbait ikastarotan. Horiei buruzko informazio gehiago eskatzeko, edota izena emateko, hiru bide jarri dituzte aukeran: kiroldegira gerturatu, 943 33 36 76 telefonora deitu, edota kiroldegiko aplikazioan sartu (kiroldegia.asti­ga­rraga.eus).

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!