Kubako doinuak ibai parkean gaur iluntzean, Jade bikotearen eskutik

Kronika - Erredakzioa 2022ko ira. 2a, 00:00

Yanaysa Prieto eta Maygred Bourricaudy musikariek osatzen dute Jade bikotea.

Kontzertu akustikoa eskainiko dute, 20:00etan hasita, udako zikloari errematea jartzeko.

Ipar Euskal Herriko doinuak izan ziren aurrena, Galiziakoak ondoren, eta Kubakoak iritsiko dira gaur Astigarragara. Kontzertu akustikoen zikloa antolatu zuen Udalak udarako, hiru emanaldirekin; eta Pauline eta Julietten zein Jaime Alvarellosen bisitaren ondoren, Jade bikotearen txanda izango da gaur, zikloari bukaera emateko. Andre Gobadarien ibai parkean eskainiko dute kontzertua, iluntzeko 20:00etan hasita, eta doakoa izango da. Euria eginez gero, Erriberako atarira mugituko dute emanaldia.

Yanaysa Prieto eta Maygred Bourricaudy kubatarrek osatzen dute Jade bikotea, eta Kubako hainbat musika estilo lantzen dituzte. Konpositorea eta abeslaria da Prieto, eta gitar-jolea Bourricaudy. Beraien aurreneko diskoan (Compás de espera), guajira eta rumba doinuak uztartu zituzten, funk eta jazz ukituekin. Bigarren lanean (Caminando), berriz, Kubako musika estilo ugari bildu zituzten, eta garai ezberdinetako doinuak. Hori guztia ekarriko dute ibai parkera, herritarren belarriak goxatzeko. Baina ez dira Kubako doinuak soilik izango, euskal abestien bertsioak ere eskaintzen baitituzte emanaldietan.

Ondo ezagutzen du Urumea bailara, Jade bikoteak. Duela bi hilabete pasatxo, San Joanetan eskaini zuen emanaldia, Bilgune Feministaren gunean. Eta aurreko urteetan, Biterin, Iparragirre sagardotegian, eta Korrikaren zein martxoaren 8aren inguruko ekintzetan ere izan dira. Ergobin ere badute beraien musikaren berri, 2018ko jaietan aritu baitziren bertan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!