Bihar jarriko diote errematea Astigarragan, udako kontzertu akustikoen zikloari. Jade taldeak eskainiko du hirugarren eta azkeneko emanaldia, iluntzeko 20:00etan hasita, Andre Gobadarien ibai parkean; eta doakoa izango da. Euria egingo balu, Erriberako atarira mugituko lukete. Yanaysa Prieto eta Maygred Bourricaudy kubatarrek osatzen dute Jade bikotea, eta beren gitarrez eta ahotsaz baliatzen dira, doinu propioak sortzeko. Kaleratu zuten aurreneko diskoan, son, guajira, eta rumba doinuak uztartu zituzten funkaren eta jazzaren osagaiekin. Bigarrenean, berriz, bildu dituzte Kubako hainbat musika estilo, eta garai ezberdinetako doinuak. Hori guztia izango da entzungai biharko emanaldian, baita euskal abesti batzuen bertsioak ere.