Emakumeon Etxeak ateak ireki ditu, berriro ere, udako oporren ondoren. Gunea ohiko ordutegian egongo da zabalik, 10:00etatik 13:00etara astelehenetan, asteartetan eta ostiraletan, eta 16:00etatik 19:00etara, berriz, asteazkenetan eta ostegunetan. Indartsu hasi dute lanera buelta, eta makina bat egiteko aurkeztu dituzte datozen hilabeteetarako.
Aurretatu dutenez, ikastaroetako plazak mugatuak dira. Parte hartzeko interesa dutenek, zabalik dute izen-ematea. Horretarako, hiru bide zehaztu dituzte: Emakumeon Etxera bertaratzea, Kale Nagusiko 23. zenbakian; telefonoz deitzea, 648 417 157; emailez, emakumeonetxea.astigarraga@gmail.com helbide elektronikoan. Horrekin lotuta, nabarmentzekoa da Emakumeon Etxeak antolatzen eta eskaintzen duen guztia doakoa dela, eta, gainera, 6 egun lehenago abisatuta, jardueretan haurrentzako zaintza-zerbitzua jasotzeko aukera ere badagoela.
Bestalde, lan eremurako aholkularitza-zerbitzua ere eskaintzen dute. Horretarako, beharrezkoa da zita eskatzea aldez aurretik zehaztutako hiru aukeren bidez.
Ekintzak, tailerrak eta ikastaroak, irailetik aurrera
Datorren hilabetetik aurrera izango dira, beraz, agendako saioak. Ekintzen artean, lehenengoa izango da irailaren 9an: Irristatzen diren emakumeak: skate tailerra. Erriberako erakusketa aretoan izango da, 18:00etatik aurrera.
Halaber, hitzaldia antolatu dute irailaren 26rako. Estitxu Mendizabalen eskutik, Minbizia=aukera berria hitzordua izango da arratsaldeko 18:00etan. Kasu honetan, hizlariak euskeraz zein gazteleraz aurkeztuko ditu edukiak. Bide hori hartuta, beste saio bat prestatu dute urriaren 7rako. Arrate Fernandezen Gure hots dokumentala aurkeztuko dute, 18:00etan hasita.
Zenbait tailer ere izango dira datozen hilabeteetan: batetik, Biodantza ahalduntzeko: Emozioekin dantzan; bestetik, zineforuma; azkenik, Sexualitatea bizitzako etapa ezberdinetan.
Ikastaroei begira, denera hiru izango dira. Gaztelaniaz, Manos a la luz elektrizitate ikastaroa. Euskeraz, berriz, bi: Beterri-Buruntzako Ekonomia Feminista Eskola eta zoru pelbikoa lantzeko ikastaroa.
Gainera, hazkuntza taldea osatzeko asmoa ere luzatu dute. Helburua izango da «amatasunaren alderdi emozionala lantzea». Saioak astelehenetan izango dira, irailaren 19tik aurrera, bi astean behin, arratsaldeko 17:15etatik 18:45etara.
EMAKUMEEON ETXEKO EGITARAUA
EKINTZAK
Irailak 9 'Irristatzen diren emakumeak: skate tailerra'. 18:00etan, Erriberako erakusketa aretoan.
Irailak 16 Beterri-Buruntzako Ekonomia Feminista Eskolaren aurkezpena. 18:00etan, Emakumeon Etxean.
Irailak 24 Emakumeon Etxearen Urteurrena: bazkaria, 'Magma Mia' bakarrizketa eta askoz gehiago.
Irailak 26 'Minbizia=aukera berria' hitzaldia. 18:00etan, Emakumeon Etxean.
Urriak 7 'Gure hots' dokumentala. 18:00etan, Emakumeon Etxean.
IKASTAROAK
Irailak 28-Azaroak 30 'Manos a la luz' elektrizitate ikastaroa. Astero, 17:00etatik 20:00etara.
Urriak 1-Ekainak 3 Beterri-Buruntzako Ekonomia Feminista Eskola. Bi astean behin, abenduan izan ezik. Izen-ematea: 'info@aragorputz.eus' edo Emakumeon Etxean, 16:00etatik 20:00etara.
Urria, azaroa, abendua Zoru pelbikoa lantzeko ikastaroa: hipopresiboak eta askoz gehiago. Urriaren 6an eta 20an, azaroaren 3an eta 17an, eta abenduaren 1ean eta 15ean, Kontxaenean, 17:15etatik 18:45etara.
TAILERRAK
Irailak 13, 20, 27 'Biodantza ahalduntzeko: emozioekin dantzan'. 18:00etatik 20:00etara, Emakumeon Etxean.
Urria, azaroa, abendua Zineforuma. 18:00etan, Emakumeon Etxean.
Urria, azaroa, abendua 'Sexualitatea bizitzako etapa ezberdinetan'. Hiru saio: 'amatasuna eta erotika', urriaren 25ean; 'Gazteak harremanez hausnartzen', azaroaren 22an; 'Helduak eta gaztetxoen sexualitatea', abenduaren 6an.
TALDEAK
Hazkuntza taldea: 'Amatasunaren alderdi emozionala lantzen'. Bi astean behin, astelehenetan, irailaren 19tik, 17:15etatik 18:45etara.