Tour de l'Avenirren bikain, Enekoitz Azparren

Kronika - Erredakzioa 2022ko abu. 29a, 00:00

Enekoitz Azparren (eskuinean), Espainiako selekzioko taldekideekin, Tour de l'Avenirren.

Gazteentzako munduko lasterketa ezagunenean aritu da astigartarra, eta 9garren sailkatu zen zazpigarren etapan.

Munduko txirrindulari gazte onenak izan ditu inguruan Enekoitz Azparren astigartarrak, aurreko egunetan. Abuztuaren 18tik 28ra, Tour de l'Avenir itzulia lehiatu du Espainiako selekzioarekin, gazteentzako munduko lasterketa ezagunena, 10 etapakoa. Eta maila bikaina eskaini du, partehartzaile gazteenetakoa izan arren.
Ez ziren berarentzako egokienak izan aurreneko sei etapak: taldekako bi erlojupeko, eta gogortasun haundirik gabeko lau etapa. Baina mendiko etapak iritsi bezala, aurreko postuetan agertu da Azparren, seigarren etapatik aurrera. Egun horretan, 23garren sailkatu zen Oyonnaxen, baina hurrengo egunean egin zuen agerraldi nabarmenena: 9garren izan zen Col de la Madeleineko helmugan, itzuliko etapa gogorrenetako batean. Atzo ere, azkeneko etapan, onenetatik gertu izan zen, 22garren helmugaratuta. Horrela, 24garren bukatu du, sailkapen nagusian.
 
Xabier Mikel Azparren, bi ihesalditan Vueltan
Xabier Mikel Azparren anaia, berriz, ihesaldietan sartzeko borrokan ari da Espainiako Vueltan. Bi ihesalditan izan da oraingoz, bigarren eta seigarren etapetan, eta gehiagotan izateko ere egin du saiakera. Seigarren etapa horretan, Bilbotik Pico Janora bidean, 135 kilometro egin zituen lasterketa buruan, beste bederatzi txirrindularirekin batera.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!