Aire librean musikaz gozatzeko bigarren aukera izango dute etzi, abuztuaren 26an, Astigarragan. Udalak hiru kontzertu akustiko antolatu ditu udan eta lehenengoa hilabeteko lehenengo ostiralean izan eta gero, bigarrena dator etzi, Andre Gobadarien parkean, 20:00etatik aurrera. Bigarren kontzertu akustikoa Jaime Alvarellos musikariak eskainiko du eta hau ere doan da. Euria eginez gero Erriberako atarian izango da.
Jaime Alvarellos ingelesez eta gaztelaniaz ariko da kantuan. Galizian sortua, musikariak 20 urteko ibilbidea du eta Raw da bakarka grabatu duen lehen diskoaren izena. Bertan jasotako doinuak eskainiko ditu kontzertuan, hau da, aurreko mendean Mississippiren deltan sorturiko estiloko abestiak.
Konzertu akustikoekin eta agendarekin amaitzeko; irailaren 2an Jade bikotea izango da protagonista. Gaztelaniaz eta euskeraz abesten duten bi emakume kubatarrek osatzen dute Jade taldea eta beren gitarren laguntzarekin abestu eta beren doinuak sortzen dituzte.
Lehen diskoan son, guajira eta rumba doinuak funk eta jazz osagaiekin uztartu zituzten. Bigarren diskoan, Kubako hainbat musika estilo eta garai ezberdinetako doinuak bildu dituzte. Emanaldietan euskal abesti batzuen bertsioak ere eskaintzen dituzte