Berreskuratu du Irukik Ergobin lasterketa

Kronika - Erredakzioa 2022ko abu. 23a, 00:00

Junior mailako txirrindulariak aritu ziren larunbatean eta Eneko Ortegak lortu zuen garaipen garrantzitsua.

Ergobin egun berezia izan zen larunbat goizean. Iruki-Donostialdean Bizikletan Txirrindulari Eskolak, inguruko hainbat enpresen laguntzarekin, berreskuratu egin zuen auzoan ospatu ohi zen junior mailako proba. Iruki Sari Nagusiko lehenengo edizio honetako proban 19 kilometroko zirkuitu bati 5 buelta eman zitzaizkion, 95 kilometro osatuz.

Txirrindulariek lehenengo momentutik oso gogorra bilakatu zuten antolakuntzak prestatu zuen ibilbide gorabeheratsua. Proba hasi zuten 100 txirrindularietatik bakarrik 51k amaitu zuten.  

Eneko Ortega (Besa-Laboral Kutxa) izan zen probako garailea. Eguneko ihesaldian sartu ziren 9 txirrindularien artean bera izan zen azkarrena. Ihesaldi berean zegoen Unax Urretabizkaia (Iruki) hernaniarra baina erorikoa izan zuen eta zauriengatik probatik erretiratu behar izan zen.

Yago Agirre donostiarra izan zen Ergobiko taldeko txirrindulari onena hamabigarren postuan. Talde berean sartu ziren Aimar Alarcia (14) eta Asier Prieto (19).  Proba honetan bigarren urteko kadeteek juniorrekin lehiatzeko aukera izan zuten eta modu honetan Mattin Basurto donostiarrak debuta egin zuen. Oso paper txukuna bete zuen txirrindulari gazteak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!