Ostiralean eman zieten hasiera Ergobiko festei, eta giro bikaina izan da auzoko protagonista azken bi egunetan. Gaurkoan, Sagardo eguna ospatuko dute, eta makina bat egiteko izango da egun osoan. Izango dira meza, LIX. Sagardo lehiaketa, Kantu Kolore taldearen emanaldia, harri-jasotzaileen erakustaldia, afari-herrikoia eta zaldi-proba.
Herenegun, ostiralean, jaiei hasiera emateko txupinazoa bota zuten arratsaldeko 16:00etan. Baina, aurretik, goizean, Asier Acinas futbol misto 4x4 txapelketako finalak jokatu ziren Bidebitarte poligonoko kantxan. Dj Etoo-ren musikaren laguntzarekin, gustura aritu ziren parte-hartzaileak zein norgehiagokak ikustera bertaratu ziren senideak eta gainerako herritarrak. Bazkaldu ondoren, txupinazoa botata, sariak banatu zizkieten txapelketako irabazleei, dominak banatu partaide guztiei, eta bestelako opariak ere zozketatu zituzten guztien artean.
Eta horrelaxe hasi ziren festak Ergobin, erritmo bizia hartu eta egiteko mordoa izan da atzo eta ostiralean. Jende ugari bertaratu da antolatutako ekintza guztietara. Ostiralean, umeek izan zuten protagonismoa, arratsalde osoan jolasean aritzeko tartea izan baitzuten. Atzo, berriz, txirrindularitzak ireki zuen egitaraua. Iruki Sari Nagusia izan zen Euskal Herriko junior mailan, eta erakustaldi borobila eskaini zuten txirrindulariek, bailarako herrietako errepideetatik barrena. Gero, festak jarraitu zuen tortila eta toka txapelketarekin, eta bazkari herrikoiarekin.
Bere aldetik, aurreko egunetan aurreratu moduan, herri kirolek pisua dute Ergobiko jaietan, eta herenegun eta atzo ez ezik, gaur ere izango dute lekua. Gaurkoan, harri-jasotzaileek hartuko dute plaza, arratsaldeko 19:00etan hasita.