Jaiek ez dute etenik Urumea bailaran. Joan den astean hasi ziren Amabirjin jaiak, eta ostegunean amaitu ziren Goizuetan. Martxa hori hartuta, atzo heldu ziren Ergobiko jaiak. Indartsu aurkeztu zuten aurtengo egitaraua, makina bat egiteko izan baitziren atzo, eta asteburuan ere aspertzeko tarterik ez baita izango auzoan. Festetarako gogotsu zeuden Ergobikoak, aurtengoan topera gozatzeko aukera izango baitute guztiek. Horrela, haurrentzat, gazteentzat zein helduentzat prestatu dituzte ekintzak, eta, giro ezin hobean, ederki gozatuko dute gaur, bihar eta etzi auzotarrek.
Festa-batzordea buru-belarri aritu da lanean egitarau zabala prestatzeko. Horren haritik, eskerrak eman dizkie ergobitar guztiei. «Eskerrik asko, era berean, laguntzaileei, tabernei, Astigarragako Udalari eta festetara etortzen zareten guztiei, zuei esker egiten batira Ergobiko festak», nabarmendu dute. «Ondo pasa eta gora Ergobia!», luzatu dute mezua festetako egitarauan.
Horrekin batera, hainbat ohar plazaratu dituzte. «Jai-batzordekoak esandakoa betetzea eskatzen da istripurik edo istilurik ekiditeko. Jai-batzordea ez da egingo gerta litezkeen istripuen erantzule». Hori horrela izanik, arduraz jokatzeko deia ere luzatu dute.
Auzotarren eguna, gaurkoan
Giro berezia, xarma haundikoa, izaten da Ergobin, jaiak direnean. Abuztu erdialdean badira ere, auzoan dagoenak ez du hutsik egiten, eta hiru egunez topera aprobetxatzen ditu festak lagunekin eta senideekin egoteko. Hamaiketakoak, bazkariak eta afariak aitzakia paregabea dira aspaldiko kontuak gogora ekartzeko eta berriak freskatzeko, eguneratzeko. Gainera, herri kirolek ez dute hutsik egiten auzoan, eta hantxe elkartzen dira ergobitar guztiak, plazan, harri-jasotzaileak eta aizkolariak ikustera. Eta protagonistak ere gustura aritzen dira, etxean sentitzen baitira Ergobiko giro herrikoiarekin.
Umeek ere badute beraien tartea festetan, noski. Ekintza mordoa izaten dituzte egitarauan, eta udarako gau epelek lagunduta, gozatuko dute beraiek ere auzoko jaietan. Eta urtero legez, txapelketak ere izango dira egun hauetan. Tortilla goxoena zein auzotarrek egiten duen erabakiko da gaurkoan, eta toka txapelketa ere izango da horrekin batera. Ergobitarren artean pike sanoa sortzeko aukera izango da, beraz, bi ekintza horiekin.
Gaur, Auzotarren eguna ospatuko dute. Goizetik hasita arratsaldera arte egongo da zeregina, eta denetarik izango da, gainera, Jai-batzordeak prestatutako egitarauan. Iruki Saria txirrindulari lasterketak irekiko du eguna, goizeko 10:30etan. Euskal Herriko Junior mailakoa da lehiaketa, eta hantxe izango dira txirrindulariak ikusle guztiak martxan jartzeko prest.
Lasterketa ikusi ondoren, jateko eta edateko tartea izango da. Eguerdiko 12:00etan hasiko da Tortilla txapelketa, eta etxean egindako tortillak aurkeztuko dituzte parte-hartzaileek. Hor piztuko da gosea, baina zertxobait itxaron beharko da herri bazkarirako. Horretarako, aukera paregabea izango dira Toka txapelketa eta Pasai txarangaen aurkezpena. Txaranga doinuen erritmoan, auzoan tokan abilena nor den ezagutuko dute bazkalaurretik.
Ordurako, presatuta izango da bazkaria. Ez da nolanahikoa izango, menu elaboratua baitago gaurko. Otordurako txartela erosi dutenek, bazkalduko dute tomate entsalada, Gernikako piperrak, hegaluzea mentreska parrillan, txuleta entsaladarekin, edariak, eta, amaitzeko, Ezeizako pasteltxoak eta kafea. Punta-puntako bazkaria izango da arratsaldeko ekintzetarako indarrak biltzeko.
Arratsalderako, erakustaldi potoloak zehaztu dituzte, herri kirolak maite dituztenek galdu ezin dituzten hitzordu horien tankerakoak. Arratsaldeko 18:00etan hasita, aizkoran arituko dira Iker Vicente txapeldun haundia eta Joxan Etxeberria, Suharri Paollaren eta Jokin Basozabalen aurka.
Musika, jakina, ez da faltako auzoko jaietan. Udara honetan herriz herri aritzeari ekin dion bailarako talde mitikoa izango da Ergobi dantzan jarriko duena: Laiotz. Erromeria giroan, gaueko festarako prestatuko dituzte Ergobikoak, 19:00etan hasita.
Gauerdia heldu aurretik, 23:30etan, zezen suzkoak egingo ditu bereak. Urduri egoten dira auzoko txikienak, zezena noiz aterako zain. Festetan daudenaren seinale izaten da zezen suzkoa herrian egotea, jaietako ikurra baita pertsonaia hori.
Gauez egingo da Auzotarren eguneko bigarren eta azken erakustaldia. Oraingo honetan, harri-jasotzaileek hartuko dute erreleboa. Emakumeen lehenengo txapelketa izango da 55 kg-ko Etxepazter harriarekin, eta bertan izango dira Aroa Sanchez, Udane Ostolaza, Lur Errekondo, Ainitze Zumeta, Olaia Esnaola eta Lierni Osa. Horietako batzuek ere ezagutzen dituzte bailarako jaiak, Osiñagakoak eta Astigarragako Santioak esaterako, eta Lierni Osa bera eta Ainitze Zumeta Santa Barbarako San Inazio festetan izan baitziren uztaileko azken egunean.
Saioa amaituta, eguna borobil amaituko da Ergobin. Hain zuzen, Laiotz igoko da oholtza gainera, berriro ere, eta abesti mitikoekin zein berritzaileagoekin, erromeria giroan murgilduko ditu denak, hankek eta oinek gehiago ezin duten arte.
Sagardo eguna, bihar
Egun bateko gozamena izan bada ere, gozatzeko tartea izango dute bihar eta etzi, Ergobin. Bihar, zehazki, Sagardo eguna ospatuko da auzoan. Egitaraua jarraituta, goizez zein arratsaldez izango dira ekintzak orduan ere. Sagardoa izango da eguneko protagonista, baina beste hainbat egiteko ere edukiko dituzte Ergobikoek.
Goizeko 10:30etan jarri dute lehenengo zita. Meza Nagusia egingo dute, Astigarragako elizan, auzoko hildakoen oroimenez. Ondoren, 11:30etan, LIX. Sagardo Lehiaketak hartuko du lekukoa. «Astigarragako bailarako sagardogile guztiak izango dira gonbidatuak», aurreratu dute antolatzaileek Dastaketa plazan izango da, 12:00etan hasita, eta aipatu dutenez, «nahi adina sagardo eta pintxo izango da hurbiltzen den guztiarentzat».
AUPA ERGOBIA!
I
Ergobiko festa hauek
onentsuenak dira,
lau egn umore onez,
giro ona beti da.
Eguerdiz baxoerdiak,
arratsaldez frontoira
gero sagardo, kaxuelak,
a ze melokotoia!
Gero sagardo, kaxuelak,
a ze melokotoia!
Hori da! Ergobiren parerik ez da.
ERREPIKA
Aupa Ergobia! bere neska eta festa ederrekin
altxor kaxa, bere plazan eta bere askarekin
Aupa Ergobia! gure pozan iturria zu zera
Aupa Ergobia! Beti Ergobia! beti-beti aurrera.
Beti Ergobia! Beti Ergobia! traka, traka, tra ka tra.
II
Festata datorrena
ez da berdin joango
Urte osoz Ergobia
gogoan du izango.
Sagardo ta kaxuelak
ez ditu ahaztuko.
Behin etortzen denak ez du
gehiago huts egingo.
Behin etortzen denak ez du
gehiago huts egingo.
Hori da! Ergobiren parerik ez da!
ERREPIKA
Ostean, arratsaldera arte deskantsatzeko aukera izango dute auzotarrek. Indarberrituta itzuli beharko dute arratsaldean, hitzordu garrantzitsua baitute, batez ere gaztetxoenek, Kantu Kolore taldearekin. Haurrentzako ikuskizuna da, euskarez, abestiekin, dantzarekin eta animazioarekin. Jarraian, ahoa goxatzeko tartea izango da, Leizurik egindako izozki goxoak banatuko dituztelako umeentzat.
Harrijasotzaileen erakustaldia ere izango da bihar. Gizonezkoak arituko dira harria jasotzen, VIII. Txapelketan, Ergobiko 104 kg-ko Harri Beltza tarteko izango dutela. Lan hori izango dute Mikel Urrak, Imanol Lartainek, Paulo Azpiazuk, Beñat Telleriak eta Xabat Olaizolak.
Saioa bukatuta, tripa betetzeko ordua helduko da. Horretarako, afaria prestatuko dute, karpan. Bapo afalduko dute prestatutako menuarekin: entsalada errusiarra, otarrainskak, txerri kostilla, edariak, limoi sorbetea, torrijak natillekin eta kafea.
Eguna amaitzeko, zaldi-proba ikusi ahal izango da plazan. Kepa Narbaizaren eta Kepa Aulestiren abereak arituko dira lanean, gaueko 23:30etan hasita.
Baserritarren eguna, aurtengo jaiak agurtzeko
Etzi, astelehena, izango da festak amaitzeko eguna. Baserritarren egunarekin agurtuko dituzte aurtengo jaiak, eta hainbat ekintza prestatu dituzte horretarako. Idi-demak izango dira goizean, 11:00etan hasita. LVI. Ergobiko Sari Handiak hartuko du plaza, eta hiru parte-hartzaile arituko dira bata bestearen jarraian. Zehazki, izango dira Inaxio Telleria, Aitor Matxain eta Misiyua.
Festak ez dituzte itxiko azken egunean otordu potolorik egin gabe. Hori horrela, bazkari ofiziala deiturikoa egingo dute auzotarrek, 14:30etan, denek elkarrekin. Oraingo honetan, honako hauxe izango da menua: fritoak, iberiko sorta, zapoa plantxan eta azpizuna letxuga entsaladarekin, edariak, Goxua eta kafea.
Arratsaldean, 16:30etatik aurrera, DJ Mikeltxiren erritmopean, urezko puzgarri erraldoia jarriko dute. Horrela, dantzarako eta ondo pasatzeko aukera izango dute auzotar guztiek festen azken txanpa horretan.
Dantza eta jolasean aritu ondoren, egitarauan intriga piztu duen ekintza hasteko ordua izango da. Gaueko 23:30etan, aipatu dutenez, «sorpresa izango da Ergobiko plazako igerileku olinpikoan!». Jai-batzordeak eta antolatzaileek izan ezik, beste inork ez daki zer izango den hori. Beraz, festen azken ordura arte adi-adi mantentzeko aukera izango da hori.
Amaitzeko, plazan elkartuko dira eta su artifizialak botako dituzte jaiei amaiera emateko. Gauerdian izango da hori, 00:00etan.
10 euroko deskontua
otorduetan, bonoa erosita
Egunero izango dira bazkariak eta afariak auzoko festetan. Hori horrela, Jai-batzordeak zenbait mezu luzatu ditu. Batetik, bazkarietarako zein afarietako txartelak karpan erosi ahal izango dira. Bestetik, eskaintza berezia ere luzatu dute. Izan ere, 85 euroan erosi ahal izango da bazkari eta afari guztietarako bonoa. Modu horretan, otordu guztietan gozatzeaz gain, prezioa merkeagoan eskuratuko dira txartelak. Zehazki, 10 euroko deskontua izango dute bonoa erosten dutenek.
Txartelak banaka erosi nahi izanez gero, honako hauxe da bakoitzaren prezioa: gaurko bazkari herrkoirako, helduek 35 euro eta 16 urte azpiko umeek 20 euro; biharko afarirako, helduek 28 euro eta 16 urte azpiko umeek 15 euro; amaitzeko, asteleheneko bazkari ofizialerako, helduek 35 euro eta 16 urte azpiko umeek 20 euro.
EGITARAUA
GAUR, Auzotarren eguna
10:30 Txirrindulari lasterketa. Iruki Saria Euskal Herriko Junior mailan.
12:30 Tortilla txapelketa eta toka txapelketa. Etxean egindako tortilla 12:00ak baino lehen aurkeztu beharko da.Tokarako beharrezkoa zen atzo izena ematea.
Ondoren, Pasai txarangaren aurkezpena.
14:30 Bazkari herrikoia karpan. Menua: tomate entsalada, Gernikako piperrak, hegaluzea mentreska parrillan, txuleta letxuga entsaladarekin, edariak, Ezeizako pasteltxoak eta kafea. Helduek 35 euro eta 16 urtetik beherako umeek 20 euro.
18:00 Aizkolariak: Iker Vicente eta Joxan Etxeberria, Suharri Paolla eta Jokin Basozaba-en aurka.
19:00 Laiotzekin erromeria.
23:30 Zezen suzkoa.
00:00 Emakumezkoen lehenengo txapelketa 55 kg-ko 'Etxepazter' harriarekin. Aroa Sanchez, Udane Ostolaza, Lur Errekondo, Ainitze Zumeta, Olaia Esnaola eta Lierni Osa.
Ondoren, Laiotzekin erromeria.
BIHAR, Sagardo eguna
10:30 Meza nagusia Astigarragako elizan, auzoko hildakoen omenez.
11:30 LIX. Sagardo lehiaketa. Astigarragako bailarako sagardogile guztiak izango dira gonbidatuak. Dastaketa plazan hasiko da, 12:00etan, eta nahi adina sagardo eta pintxo izango da hurbiltzen den guztiarentzat.
17:00 Kantu kolore. Haurrentzako abesti, dantza eta animazioa euskeraz.
Jarraian, Leizurik egindako izozkiak banatuko dira haurrentzat.
19:00 Harri-jasotzaileak. VIII. Txapelketa izango da Ergobiko 104 kg-ko 'Harri beltza' tarteko dutela. Mikel 'Urra', Imanol Lartain, Paulo Aspiazu, Beñat Telleria eta Xabat Olaizola.
21:30 Afaria karpan. Menua: entsalada errusiarra, otarrainskak, txerri kostilla, edariak, limoi sorbetea, torrijak natillekin eta kafea. Helduek 28 euro eta 16 urtetik beherako haurrek 15 euro.
23:30 Zaldi-proba. Izango dira Kepa Narbaizaren eta Joba Aulesti-ren abereak.
Abuztuak 22, Baserritarren eguna
11:00 Idi-demak. LVI. Ergobiko Sari Handia. Hiru partehartzaile arituko dira bata bestearen jarraian. Inaxio Telleria, Aitor Matxain eta Misiyua.
14:30 Bazkari ofiziala. Menua: fritoak, iberiko sorta, zapoa plantxan eta aspizuna letxuga entsaladarekin, edariak, Goxua eta kafea. Helduek 35 euro eta 16 urtetik beherako umeek 20 euro.
16:30 DJ Mikeltxi eta Urezko puzgarri erraldoia.
23:30 Sorpresa Ergobiko plazako igerileku olinpikoan!
00:00 Su artifizialak jaiei amaiera emateko.
*Karpako bazkarietako eta afarietarako txartelak jaietako txosnan erosi ahal izango dira. 'Bono berezia' ere eros daiteke 85 euroan.
Oharra: Jai-batzordekoak esandakoa betetzea eskatzen da istripurik edo istilurik ekiditeko. Jai-batzordea ez da egingo gerta litezkeen istripuen erantzule.