Egun haundia da gaurkoa Ergobirentzat. Izan ere, gaur hasiko dira auzoko jaiak, eta lau egunez, datorren astelehenera arte, denetarik egiteko eta ikusteko aukera izango dute auzotarrek. Makina bat egiteko prestatu dituzte haurrentzat, gazteentzat zein helduentzat. Hori horrela, goizetik hasita arratsaldera arte, egunero izango da zeregina.
Gaur, goizean goiz irekiko dute egitaraua. Asier Acinas futbol mistoko 4x4 finalak jokatuko dira, Bidebitarte poligonoko kantxan. Denera, lau kategoria osatuko dituzte: 2008-2009, 2010-2011, 2012-2013 eta 2014-2015. Talde bakoitzean bina neska eta bina mutil daude, eta gaur erabakiko da txapelketako garailea.
Ondoren, jaietan auzotarrak plazan bilduko dira. Bertan, egingo da jaietan parte hartuko duten idien pisaketa. Horren ostean, bazkaltzeko tartea hartuta, arratsaldean lehertuko da festa «jaien hasiera ofizialarekin». Haurren eguna denez, izango dira umeentzako jolasak, puzgarriak, apar festa, Dj Etoo eta txokolatada txorroekin, 16:00etatik aurrera. Gainera, arratsalde bukaeran, apustua izango da plazan. Auzotar batek beste bati bota zion erronka ikusi ahal izango dute bertaratzen direnek: «Ezetz Ergobiko Harri Beltzari jasoaldi bat eman 5 minututan!».
Eguna amaitzeko, luma gorri jatea egingo dute afaltzeko. Gero, zezen suzkoa izango da 23:30etan eta, jarraian, Ergobiko II. Pentatloia ospatuko da. Parte hartuko dute Izeta VI.ak, Xabier Zalduak, Karmele Gisasolak eta Amalur Arbelaitzek. Eta, gaurko agenda ixteko, Dj Etoo bueltatuko da plazara, eta bere musikarekin agurtuko dute jaien lehenengo eguna.