«Herbehereetako lehenengo hiru egunak salbatzea izango da erronka; gero, etxeko etapetan pentsatzera»

Kronika - Erredakzioa 2022ko abu. 18a, 00:00

Xabier Mikel Azparren Gotzon Martin taldekidearekin, Utrecht-en.

Munich-eko Europako Txapelketatik zuzen-zuzenean lur hartu berritan, Espainiako Vuelta hasiko du Xabier Mikel Azparren astigartarrak. Euskaltel-Euskadirekin, bihar ekingo dio hiru asteko lasterketari, Utrecht-etik (Herbehereak). 

Espainiako Vuelta hasiko da bihar, eta hantxe izango da Xabier Mikel Azparren astigartarra Euskaltel-Euskadirekin. Europako Txapelketan parte hartu ostean eta «etxetik pasa gabe», Munich-en hegaldia hartu eta Herbehereetara bidaiatu du, Utrecht-era, bertan kontzentrazioa egin eta zuzenean Vuelta hasteko. «Abuztuaren 12an joan nintzen Munich-era, eta ordutik etxetik kanpo nabil. Une honetan, Vueltako dinamikan erabat sartuta», kontatu dio Azparrenek Kronikari. 

 

Vuelta hasteko egun baten faltan, zein da taldeko helburua?

Ihesaldietan egotea, eta taldeari presentzia eta itxura ona ematea lasterketan.   

 
Eta zurea?

Ihesaldietan egote horrekin, nire kartak ondo jokatuta, garaipenen batetik gertu ibiltzen saiatzea. 

 

Urteko erronka nagusiena dela esango zenuke?

Ziurrenik bai. Espainiako Erlojupeko Txapelketa izan nuen ekainean, eta hori helburu garrantzitsua zen niretzat. Orain, hori pasata, Espainiako Vuelta dut buruan. 

 

Bi urte egin dituzu profesional gisa. Zer moduz zaude orain?

Urtero aurrerapausoak ematen ari naizela uste dut. Oraindik denbora gutxi daramat hemen, profesional mailan, baina aurrera noala esango nuke. Azken bi urte hauetan gauza politak lortu ditut, eta gustura nago gertatzen ari den guztiarekin. Momentu honetan ditudan sentsazioak nahiko positiboak dira. 

 

Burgosko Itzulian ere ihesaldi dezentetan parte hartu zenuen.

Bai, hori da. Hasierako ihesaldietan sartu nintzen mendiko puntuak lortzeko, eta, gero, garaipenaren lehian egoteko aukera ere izan nuen. 

 

Munich-en egon berri zara Europako Txapelketan. Espero al zenuen?

Egia esateko, ez. Deiak nahiko sorpresaz harrapatu ninduen, eta poz haundia sentitu nuen berria jaso nuenean. Orain arte zenbait Europeotan egoteko aukera izan dut, baina ez kategoria absolutuan. Oso gustura egon naiz, lan polita egiteko tartea izan dut, eta nahiko pozik amaitu dut Txapelketa lortutako emaitzarekin. 

 

Aurtengoa zure 2. Espainiako Vuelta izango da. Esperientzia baduzu, beraz, ezta? 

Joan den urtean baino forma hobean iritsi naizela uste dut. Aukera gehiago izan dut helburu hau prestatzeko, eta segurtasun haundiagoarekin sentitzen naiz. Etapak aldatzen badira ere, Sierra Nevadan entrenatzen aritu naiz eta han izango da etapa bat, gainerako ingurua ere ezaguna dut eta, horregatik, Espainiako zonaldea nahiko dominatua dudala esango nuke. Koxka Herbehereetako lehenengo hiru etapak izango dira, nahiko konplikatuak baitira. Tarte hori salbatzea izango da hasierako erronka eta, gero, etxeko etapetan pentsatzera.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!