Abuztuko lehenengo astean isurketa bat izan zen Urumea ibaian

Kronika - Erredakzioa 2022ko abu. 10a, 00:00
Arraiak hilda agertu dira Deba ibaian.

Txomin-Enea parean izan zen eta Eguzki ekologista taldeak salatu du «abuztuan gehitu egiten direla isuriak».

Abuztuan, normalean ugaldu egiten dira isurketa-salaketak eta pasa berri den abuztuko lehen astean bi isurketen berri izan du Eguzki ekologista taldeak. Lehenengoa Deba ibaian izan zen, Aretxabaleta parean, arrain hiltzea eta guzti. Dirudienez enpresa batean izandako sutearekin dago lotuta. Bigarren isurketa Urumean izan zen, Txomin Enea parean.  

Bi isurketa horien berri izan du Eguzkik, testigantza grafikoa barne, baina «seguru gehiago ere izan direla. Eta are gehiago izango dira, noski», azpimarratu dute. Oporrak direla eta, «enpresa batzuek "garbiketa" egiten dute, eta, oro har, ibaiek eta errekek ur gutxiago eramaten dutenez, isurketa "arruntak" ere urteko beste hilabeteetan baino nabarmenago ageri ohi dira».

 

«Salatu egin behar da eta 112 larrialdi-zenbakira deitu»

«Zoritxarrez, isurketak oso ohikoak dira, baina ez ditugu horregatik normaltzat jo behar, ibai, erreka nahiz itsasoko urak nolanahi kutsatzea ez baita inolaz ere normala. Beraz, irmoki salatu egin behar dira» gogorazten du Eguzkik.

Gauzak horrela, herritar batek isurketaren bat ikusten duenean, egin dezakeen onena da lehenbailehen 112 larrialdi-zenbakira deitzea da. Handik jarriko dute martxan protokoloa, Ura agentziako ikuskatzaile bat isuria detektatu den lekura joatea aurreikusten duena.

Ondoren, herritar hori, betiere nahi izanez gero, Eguzkirekin harremanetan jar daiteke 688 662 532 telefonora deituz edo eguzki.eguzki@gmail.com helbidera mezu bat bidaliz. «Ahal dugun neurrian, jarraipena egiten saiatuko gara eta, hala badagokio, publikoki salatuko dugu».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!