Udalak eskola-materiala erosteko dirulaguntzak atera ditu lehen aldiz

Kronika - Erredakzioa 2022ko abu. 8a, 00:00
Eskola-materialeko dirulaguntzaren deialdia aurkeztu zuten.

Eskaerak urriaren 28ra arte aurkeztu ahal izango dira telematikoki edo udaletxeko erregistroan.

Udalak 5.000 euro bideratuko ditu 2022-23 ikasturtean derrigorrezko hezkuntzan edo haur-hezkuntzako maila batean matrikulatutako ikasle astigartarren familiei eskola-materiala erosten laguntzeko. Eskaerak urriaren 28ra arte aurkeztu ahal izango dira udaletxeko erregistroan edo, bestela, telematikoki www.astigarraga.eus webgunean.

Eskaera egiterakoan, erosketa-faktura edo horren ordezko agiria aurkeztu beharko da (faktura sinplifikatua), eta 2022ko uztailaren 1etik urriaren 15era bitartean egindako erosketen fakturak onartuko dira.

Ontzat emandako erosketaren dirulaguntza, gehienez, kopuruaren % 70ekoa izango da erosketak Astigarragako saltokiren batean egiten badira, eta % 50ekoa, berriz, kanpoan egiten badira. Ikasle bakoitzak 75 euro eta 125 euro artean jasoko ditu. Diru-sarreren muga kontuan hartuko da, oinarrietan zehazten den familia-unitateko kideen arabera.

Deialdian aurreratu dutenez, honako elementuak hartuko dira eskola materialtzat: idazmahaiko materiala eta suntsikorrak (boligrafoak, klipak, txorroskiloak, koadernoak, folioak...); material ez suntsikorrak (karpetak, estutxeak, kalkulagailuak, motxilak, testu liburuak...); eskolara joateko beharrezkoak diren janztekoak (uniformeak, betaurrekoak, heziketa fisikoa egiteko kiroletako arropa eta oinetakoak...); Teknologietako, Musika eta Heziketa Plastikoetako elementuak; Haur Hezkuntzako ikasleen kasuan, mantala eta motxila txiki bat; eta, azkenik, oro har, eskolak zirkular bidez espezifikoki eskatutako edozein material.

 

Beste zenbait dirulaguntza

Udalak jakitera eman duenez, zabalik dago beste bi dirulaguntza eskatzeko epea. Batetik, Haur Eskoletako erabiltzaileentzat dirulaguntzak: urriaren 31era arte aurkeztu daitezke eskaerak. Bestetik, ikasleentzako garraio dirulaguntzak: irailaren 30a da eskaera aurkezteko azken eguna.

Informazio gehiago nahi izanez gero, oinarriak zehaztuta daude Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean edota Udalaren webgunean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!