Pauline eta Juliette oholtza gainera igoko dira bihar, Gobadarien parkean

Kronika - Erredakzioa 2022ko abu. 4a, 00:00
Pauline Junquetek eta Juliette Alfonsok eskainiko dute kontzertua.

Euskeraz eta frantsesez, kontzertu akustikoa eskainiko dute 20:00etan hasita, dohainik. Euria eginez gero, Erriberako atarian izango da. 

Andre Gobadarien ibai parkea zuzeneko musikaz bustiko da bihar arratsaldean, 20:00etatik aurrera. Abuztuko kultur agendaren barruan, Pauline eta Juliette musikariek kontzertu akustikoa eskainiko dute. Dohainik izango da, eta, euria egingo balu, emanaldia Erriberako atarian izango litzateke.  

Ipar Euskal Herriko bi ahots zuzenean ikusteko eta gozatzeko aukera izango dute bertaratzen duten guztiek. Bi gitarra batuko dira, unibertso folk eta intimo baten gainean elkartuta. Hiru urtez hara eta hona jiran ibili ondoren, Paulinek eta Juliettek lehen albuma plazaratu zuten, eta, bertan, baita beren euskerazko lehen sorkuntzak ere, Frantziako eta folk musika abestien bertsioekin batera. 

Kasu honetan, bigarren diskoko abestiak aurkeztuko dituztela aurreratu dute. 12 abestiz osatutako lana da, eta nahastu dituzte folk-a, world-a eta afro musika. 

Xarma berezia izango du, ziur, biharko ikuskizunak. Musikarien sorterrira bidaiatzeko parada izango da Andre Gobadarien parkean. Hain zuzen, Pauline Junquette euskalduna da sortzez, Kanbon jaioa. Juliette, berriz, madagaskartarra da, Mananjary hirikoa, nahiz eta txiki-txikitatik Itsasun bizi izan den. Horrela, bi hizkuntza eta bi jaioterri uztartuta, kontzertu borobila izango dela aurreikusten da. 

 

Hurrengoa hitzordua hilaren 26rako hitzartu dute

Kultur agendako hurrengo emanaldia hiru aste barru izango da, abuztuaren 26an. Musikariekin jarraituta, kontzertu akustikoa eskainiko du Jaime Alvarellos Correcher-ek, Jac-ek. Andre Gobadarien ibai parkean izango da hori ere, 20:00etan, doako sarrerarekin. Galiziarrak ingelesez eta gaztelaniaz abestuko du, gitarraz lagunduta, Raw diskoko doinuak aurkezteko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!