Zabalik, eskolako materiala erosteko dirulaguntza

Kronika - Erredakzioa 2022ko abu. 3a, 00:00

Urriaren 28ra arte egongo da eskaerak aurkezteko aukera. Oinarriak eta bestelako xehetasunak ikusgai, abuztuaren 2ko GAOn. 

Udalak eskolako materiala erosten laguntzeko familientzako deialdia ireki du, Derrigorrezko Hezkuntzako edo Haur Hezkuntzako mailaren batean matrikulatutako ikasleentzat. Eskaerak egiteko epea irekita dago dagoeneko, eta urriaren 28ra arte egongo da zabalik. Eskaerak Udalaren Erregistro Orokorrean aurkeztuko dira, horretarako legez ezarritako edozein lekutan, edo, bide telematikoz, Udalaren webgunean (www.astigarraga.eus).

Eskaera aurkezterakoan, adierazi beharko da zein adingaberentzat eskatzen den dirulaguntza. Horrekin batera, zenbait datu zehaztu beharko dira: izena, bi abizen, bizilekua, jaioteguna, eta zein eskolatan eta zein ikasmailatan ikasten ari den. Horrez gain, eskatzaileari buruzko zenbait datu ere agertu beharko dira: izena, bi abizen, identifikazio-zenbakia, bizilekua eta familia-unitateko kideen kopurua.

Denera, Udalak 5.000 euroko aurrekontua finkatu du dirulaguntza honetarako. Horrela, ikasle bakoitzeko banakako zenbatekoa dagokion deialdian tarte bakoitzerako finkatzen den kopuru maximoa izango da. Edozein kasutan, laguntzaren zenbatekoak ez du gaindituko egindako gastu osoaren % 70. 

Abuztuaren 2ko GAOn
Laguntza lortzeko eskakizunak, aurkeztu beharreko dokumentazioa eta dirulaguntzari dagozkion bestelako xehetasun guztiak abuztuaren 2ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean (GAO) argitaratu dira, eta, beraz, ikusgai daude interesa duten guztientzat. Besteak beste, bete beharrezko baldintzei dagokionez, eskaeraren unean, familia-unitateari dagokionez, beharrezkoa izango da laguntza berarentzat eskatzen den adingabeak eta laguntza hori eskatzen duenak Astigarragako helbide berean erroldatuta egotea eskaeraren data baino lehen. Halaber, familiaren urteko errentak ere zerikusia izango du laguntza lortzeko araudian. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!