Hiru kontzertu akustiko eskainiko dira Gobadarien parkean abuztuan

Kronika - Erredakzioa 2022ko uzt. 31a, 00:00
Pauline eta Juliette bikoteak eskainiko du datorren ostiralean kontzertua.

Abuztuaren 5ean, ostiralean, Pauline eta Juliettek eskainiko dute kontzertua, 20:00etan hasita doan.

Edozein herritako kultur agenda abuztuan murriztu egiten da eta Astigarraga ez da salbuespena. Hala ere horrek ez du esan nahi ekitaldirik ez dagoenik. Honela, Astigarragako Udalak hiru kontzertu akustiko antolatu ditu abuztuaren 5erako, abuztuaren 26rako eta irailaren 2rako. Ostiralez Gobadarien parkean, 20:00etatik aurrera hiru kontzertu eskainiko dituzte Pauline eta Juliette, Jaime Alvarellos Correcher eta Jade taldeek.

Aire librean musikaz gozatzeko aukera izango dute astigartarrek eta bertara hurbiltzen den edozein bisitarik. Kontzertu guztiak doan dira eta euria eginez gero Erriberako atariak izango dira kontzertuak.

Lehenengoak kontzertua eskaintzen, abuztuaren 5ean, Pauline eta Juliette izango dira. Euskeraz eta frantzesez, Ipar Euskal Herriko bi ahots, bi gitarra, unibertso folk eta intimo baten inguruan elkartzen dira.

Hiru urtez kontzertuetan ibili ondoren, Pauline eta Juliettek lehen albuma plazaratu zuten eta bertan beren euskerazko lehen sorkuntzak, Frantziako eta folk musika abestien bertsioekin batera entzun daitezke.

Bigarren diskoko 12 abestietan folk, world eta afromusikak nahastu dituzte.

 

Jaime Alvarellos Correcher, abustuaren 26an, eta Jade bikotea, irailaren 2an

Bigarren kontzertu akustikoa Jaime Alvarellos Correcher musikariak eskainiko du abuztuaren 26an ingelesez eta gaztelaniaz. Galizan sortua, musikariak 20 urteko ibilbidea du eta Raw da bakarrik grabatu duen lehen diskoaren izena. Bertan jasotako doinuak eskainiko ditu kontzertuan, hau da, aurreko mendean Mississippiren deltan sorturiko estiloko abestiak.

Konzertu akustikoekin eta agendarekin amaitzeko; irailaren 2an Jade bikotea izango da protagonista. Gaztelaniaz eta euskeraz abesten du bi emakume kubatarrek osatzen duten Jade taldeak eta beren gitarren laguntzarekin abestu eta beren doinuak sortzen dituzte.

Lehen diskoan son, guajira eta rumba doinuak funk eta jazz osagaiekin uztartu zituzten.

Bigarren diskoan, Kubako hainbat musika estilo eta garai ezberdinetako doinuak bildu dituzte. Emanaldietan euskal abesti batzuen bertsioak ere eskaintzen dituzte.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!