Eragiyok abesbatzak kantu jira egingo du gaur eguerdian San Inazioak ospatzeko

Kronika - Erredakzioa 2022ko uzt. 31a, 00:00
'Cant'A Choeur' jaialdian bi emanaldi eskaini zituen Eragiyok abesbatzak. Argazkia: Eragiyok abesbatza.

Emakumeon plazatik irtengo dira 12:30etan eta Gure Izarra elkartearen parean amaituko dute kalejira.

Astigarragako Eragiyok abesbatzak, San Inazio egunean, iaz herriko elizan abestu bazuen organoz lagundutako eliz-musikako eta euskal musikako kontzertua eskainita, aurten beste motako emanaldia izango dute. Bere musika Astigarragako kaleetara aterako dute eta kalejiran arituko dira. 12:30etatik aurrera izango da, Emakumeon plazatik abiatuta.

Ekitaldi honetan euskal musikako pieza ezagunak eskainiko dituzte ibilbidean zehar, Norberto Almandoz enparantzan Gure Izarra elkartearen atarian amaitu arte. Elkarteak bere mendeurrena ospatzen du eta omenaldia eskainiko dio Eragiyokek. Egunak eskatzen duen moduan, San Inazioren Martxa abestuta amaituko dute.

 

Arrakasta 'Cant’A Choeur' jaialdian

Bestalde, abesbatzak parte hartze arrakastatsua izan zuen uztaila hasieran Akize inguruan ospatu zen Cant’A Choeur jaialdian. Bertan emandako bi kontzertuetan oso harrera beroa izan zuten antolatzaileen zein bertaratutako publiko ugariaren aldetik.

 

Erronka gehiago uda ostean, urte amaierara arte

Urteko lehenengo zatian, besteak beste, Euskal Herriko bi jaialditan, Frantziako nazioarteko jaialdi batean eta Rigoletto operan parte hartu eta gero, oporren ondoren konpromiso berri eta garrantzitsuak izango ditu abesbatzak. Irailean Kanboko otxoteen jaialdira itzuliko da. Handik egun gutxitara Châtel Guyon-era (Auvergne, Frantzia) abiatuko da eta bertan Rencontres Internationales de Voix d’Hommes-en parte hartuko du. Bertan bi kontzertu emango ditu eta agertokia partekatuko du mundu mailan ezagunak diren King’s Singers-ekin. Azaroan opera emanaldia izango du La fille du régiment antzeztuta, eta urtea Astigarragan itxiko du Gabonetako kontzertuarekin

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!