Ez du hutsik egin, beste behin, Santio Jaietako haurren txupinazoak, Astigarragan. Eguerdiko 12:00etarako, bete-betea ageri zen Foru Plaza, eta udaletxeko balkoitik eman diete ongietorria, Xaguxar Aisialdi Taldeak antolatuta, aurtengo festei.
Suziria bota orduko hasi da urteroko zaparrada: globoak, baloiak, jostailuak, serpentinak, zapiak... Denetik bota dute balkoitik, plazan zeuden haurren gozamenerako. Baina dena ez dira izan opariak, ur baldekadak ere hustu baitituzte, eta baita urez betetako globoak bota ere! Blai eginda bueltatu da etxera bat baino gehiago, baina irripartsu.