Ez zuen lagundu tenperaturak, aurreko asteburuan, Santio Jaietarako motorrak nahi bezala berotzen. Bertan behera geratu zen, esaterako, Kros Herrikoia. Korrika saiorik ez zen falta izan, edozein kasutan. Galdetu diezaietela, bestela, orientazio proba osatzeko asmoz ibai parkera gerturatu ziren familiei... Lasaiago egon ziren, larunbat arratsaldean Beietz musika taldeak jarritako erritmo biziaz gozatu zutenak; eta baita igandeko pelota jaialdi haundia ikustera gerturatu zirenak ere. Ikuskizun ederra eskaini zuten, zortzi esku pelotariek: hiru astigartar, Eñaut Lizeaga, Oier Gurutzealde eta Jokin Santxez; hiru profesional ohi, Xala, Oinatz Bengoetxea eta Iker Arretxe; eta Antton Apezetxea goizuetarrak eta Ivan Azanza iberotarrak.